Koarentenako egunerokoa: laugarren eguna (martxoak 17)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 19a, 07:58

Ez da egun ona izan, ez pertsonalki, ez lanean ere. Hementxe bukatzen da gaurkoa. Hasi nuen ba eguneroko alu hau...

Beno, egunean zehar entzundako diskoak:

  • Kafe, galletak eta prentsa digitalaren unean: Rafael Berrioren ‘Diarios’. Joserra Senperenaren moldaketekin atera zituen bi diskoetatik bigarrena. Aurrekoa, ‘1971’ agortuta dago, deskatalogatuta, eta kabroi horrek ez du berriro atera nahi. Dagoen bezala ondo omen dago. Kalamidadea.
  • Goizean zehar: R.E.M.-en ‘And I feel fine’. Taldearen lehen urteetako bilduma zoragarria, bereziki bi Cdko edizioan. Hor dago ‘It’s the end of the world as we know it’ abestia (Guk ezagutzen dugun munduaren amaiera da, edo halako zerbait). Abesti horrekin ezagutu nituen eta oraindik ere nire talde gogokoena da.
  • Arratsaldean, lanerako: Cowboy Junkies ‘The trinity sessions’, eta Manta Rayren ‘Estratexa’ eta ‘Score’.
  • Gauean, mala letxea pasatzeko, eta liburuarekin jarraitzeko: Josh Rouseen ‘The Rykodisc years’. Pop-soul pixka bat behar nuen ba...

Goizean okindegira ez naiz joan, baina arratsaldean tarte bat egin dut erosketak egiteko. Bai, kalera atera naiz! Sentsazio arraroa da, legez kanpoko zerbait egiten ari bazina bezala sentitzen zara, alde guztietara begira ea txapero edo ertzain batek etxera bidaliko zaituen. Kaleak hutsik daude, eta norbaitekin topo egiten baduzu irribarre txiki bat ateratzen zaizu. Harategian harakina maskarilla jarrita. Eroskin plastikozko guanteak jarri behar. Otarrarekin bueltaka nabilela emakume bat dut atzean karritoarekin, baina distantzia mantenduz. Ez dago esnerik baldetan, haragirik ere ez ia eta arraultzarik ere ez. Kamioia orduantxe bertan heldu da, eta nire atzetik joango direnek izango dute nik baino genero gehiago etxera eramateko. Ordaindu (zailtasunak guante horiekin txartela karteratik ateratzeko), eta etxera bueltatu naiz lanarekin jarraitzera.

Atariko norbaitek kirola egiteko tramankulua ekarri du.

Eta ez, hangoutseko bileran ez nintzen Batmanen pijamarekin agertu.

Eta horixe. Ez dakit bihar honekin jarraituko dudan...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide