Koarentenako egunerokoa: zortzigarren eguna (martxoak 21)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mar. 23a, 08:27

Kafetera martxan jarri eta balkoira atera naiz. Udaberriko eguraldi ederra dago eta hori gutxi ez balitz, aurreko mendian dauden hiru astoak arrantza egin eta egin dabiltza, pozik. Belarra jan, maldan gora eta behera ibili, belarra jan. Une honetan astoa izan nahiko nuke, lau hankakoa, bikoa normalean ere banaiz eta.

Egun lasaia izango da gaurkoa, hala erabaki dugu Internet bidez egindako bileran. Zoramena izan da astea, eta lanean bagaude ere, lasai antzera hartzea erabaki dugu. Nire kasuan aldizkariko erreportajea idatzi dut, ia takada batean. Kalean eguraldi ederra egiten du, baina ezin da atera bi ardo hartzera asteburu normal batean gertatu ohi den bezala. Lanean jarri naiz, behingoagatik bada ere, kontzentratuta. Egoera normal batean kostatuko litzaidake testua goiz berean hastea eta bukatzea. Gaur ez zait asko kostatu.

Lanerako The Smiths taldearen maratoia egin dut. Prentsan irakurri dut taldeko abeslari izan zen Morrisseyk disko berria atera duela, eta, gainera, ona dela. Taldearen jarraitzailea izan nintzen (eta naiz), eta baita abeslariarena lehen urteetan. Baina denborarekin fatxa, ultra, arrazista bihurtu da, eta paso haren ezer erostea. Hala ere, The Smiths nire edukazio musikaleko ardatzetako bat da. Goiz partean ‘The Smiths’, ‘Meat is murder’, ‘The queen is dead’ eta ‘Strangeways, here we come’ diskoak jarri ditut jarraian. Beste lau ere baditut, baina nahikoa horiekin, saturatuta ez bukatzeko.

Lan aldetik gauza lasai dagoela eta, siesta egiteko aukera izan dut. Saiatu, behintzat, saiatu naiz. Ez, ez dut lo hartzea lortu, baina sofan luze-luze botata egote hau ez da gaizki egon.

Imanolek testua zuzenduta bidali dit, eta azken ukituak eman dizkiot erreportajeari. Danirekin ere harremanetan jarri naiz, berak egingo dizkigulako ilustrazioak.

Bitartean bi talde espainiarren diskoak jarri ditut, Los Enemigos eta Surfin’ Bichosenak. Biak asko gustatzen zaizkit, bereziko Los Enemigos. Espainiako letra egile onenetakoa da Josele Santiago, onena ez bada. ‘Desde el jergón’ zuzenekoa jarri dut, eta baita bolumena igo ere. Apirilaren amaieran Bilbon jotzekoak ziren. Ea hau dena bukatzen denean bira jarraitzeko gai diren. Surfin’ Bichosena, berriz, ‘Hermanos carnales’ jarri dut. Garai batean, orain hamarkada batzuk, askotan entzun nuen diskoa da. Baina gauza batengatik edo besteagatik azken urteotan jarri gabe neukan. Eta oso disko ona da, iruditeria erlijiosoz betetakoa.

Albacetekoa da taldea. Albacetekoak baita ere gehien gustatzen zaizkidan komikoak ere (Faemino y Cansadorekin batera), La hora Chanante/Muchachada Nuiko jendea. Eta Albaceten girotuta dago nire pelikula gogokoenetakoa, ‘Amanece que no es poco’. Zer gertatzen da Albaceten? Zer dute hango uran? Hau igarotzen denean joango ote naiz egun batzuk pasatzera?

Telebista aurrean jarri naiz eta... ez dago ezer.

Musika jarri dut berriro ere, Mogwai talde eskoziarraren ‘Special moves’ zuzenekoa. Isiltasunetik bortizkerira salto egiten zuen musika, edertasuna inoiz galdu gabe.. Ez daukat irakurtzeko gogorik, orain ez behintzat. Sofan bota, musika entzun eta eguna bukatu zain geratu naiz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide