Mugikorrean laneko justifikantea sartu, eta han joan naiz. Auskalo zenbat egunen ondoren Zubitxikia ere gurutzatu dut. Lehen esaten nuen ea zertara joan behar nuen poligonora –Kabi tabernara ez bada, noski–; orain gustura eta dena joan naiz harantz. Langileekin hitz egin, okindegira joan, eta etxera buelta, eguneroko bileran parte hartzera.
Ondorengo orduak nahiko kaotikoak izan dira. Espero ez nituen lan batzuk egin behar, enkargo bat batetik, beste lan bat eskuinetik, eta ezkerretik eskaera bat. Une batean zaunka egitekotan nengoen. Musika jarri badut ere –The Jesus and Mary Chainen ‘Upside down’–, ez zegoen kontzentratzeko modurik. Ez lanean, ez musikan, ez ezertan.
Bazkalondoren kalmatu da kontua, eta lana lasaiago egiteko aukera ere izan da. Ainara LeGardon bilbotarraren ‘Every minute’ jarri dut. Bitxia da LeGardonen kasua. Alde batetik rocka jorratzen duen emakumea dugu –lasaia batzuetan, gordinagoa besteetan–, musika esperimentala egiten duena bestetik, eta autoretza eskubideen aditua ere bada. Bere alde esperimentala ikusteko aukera izan genuen orain urte batzuk komentuan, eta ondo egon bazen ere, bere alde rockeroa askoz ere nahiago dut (bestea berriro ikusteko behar handirik ez dut). Horren ondoren Interpol talde estatubatuarraren ‘Turn on the bright lights’ diskoa jarri dut. A ze diskoa!
Une horretan atsedenaldia hartu dut. Kafe bat prestatu, aulkia balkoira atera, eta eguzkitan egon naiz ordu erdi inguruan, aurreko mendiari begira, gauza batean eta bestean pentsatzen, edo ezertan ez. Eta hortxe konturatu naiz eguneroko honekin jarraitzeko gogorik ez dudala. Nekatu naiz.
Itoizek ‘Clash eta Pistols’ abestian zioen bezala (gaur bertan Morauk bertsio pandemiko hau plazaratu du sarean):
Bukaera da
bukaera aurresentitzen da
arratsalde euritsua kamaleoientzat
Hau dena pasatzen denean ikusiko gara kalean. Ale ba, zaindu!
PS; Egunean entzundako azken diskoak: Modest Mouse estatubatuarren ‘Good news for people who love bad news’, eta María Rodés, Martí Sales eta Ramon Rodriguez kataluniarren ‘Convergencia i Unió’.