Konfinamendu honetan egunak eta egunak ditut. Badakizu zein den nire etxeko egoera; batzuetan ondo eramaten dut, baina beste batzuetan desesperazioaren hondamendira eramaten nau. Bakarrik biziko banintz ez dut uste problema handirik izango nuenik itxialdira moldatzeko. Betidanik izan dut anakoreta izaera nire barrenean; sofan bota eta, liburu eta disko batzuen laguntzarekin, denbora pasatzen uztekoa, bakardadean, inork ni/nik inor molestatu gabe. Hori bai, zerbeza bat behar bezala edateko gogoa sentitzen dut, ez balkoian eserita ezerezari begira. Orain egun batzuk, edo asteak izango dira, denboraren izaera bera aldakorra delako ezohiko udaberri honetan, okindegira nindoala –nork esango zidan orain bi hilabete okindegira edo Eroskira joatea, edo zaborra ateratzea bera, plazerra bihurtuko zenik– ezagun batekin egin nuen topo. Itxialdira egokitzen ari zela zioen. “Astean hirutan paolera joaten utziko balidate, nahikoa”, esan zidan. Berarentzako paola, nik Kabira joan nahi dut zerbeza bat edo bi hartzera!
Nire beste ni batekin, edo, hobe esanda, antzinako ni batekin topo egiteko ere baliagarria izan zait koarentena hau. Ez entzuten ari naizen musikagatik bakarrik, baldetan eta kajoietan hautsa pilatzen ari ziren CDak berreskuratu ditut eta, baina baita irakurtzen ari naizen liburuengatik ere. Garoa liburu-dendara egindako azken bisitan erositako liburuak bukatuta, eta irakurtzeko ezer ez nuelako nerbioetatik jarrita –bai, hor daude noizbait erosiko nituen eta inolaz ere irakurriko ez ditudan liburu horiek; zertan pentsatzen egongo ote nintzen ekonomiako liburu batzuk erosteko–, armarioak arakatzen hasi nintzen, eta irakurri gabe nituen bospasei bat liburu aurkitu nituen, denak ere idazle ingelesek idatzitakoak. Ian McEwan, Hanif Kureishi, Martin Amis, Graham Swift... Anglofiloa nintzeneko garai bat izan ote nuen? Pasako zitzaidan, irakurtzen ari naizen liburua, McEwanen ‘Sabado’ orain hamabost urte erosi nuelako, eta ordutik aspertzen egon delako armario bateko beheko partean inork irakurriko zain. Jabearen ilean zuri kolorea nagusitzen ari den bezala, liburuko orriek zahar kolorea hartu dute.
Eta bai, onartuko dizut zerbeza bat, beste bat edo bi niri onartzen badizkidazu. Hori bai, lekua nik aukeratuko dut. Badakit, bai, Barricada eta AC/DC bezalako “gauzak” gustatzen zaizkizula... Pertsona humano batek nola entzun dezake hori? Ez, ez, lekua nik aukeratuko dut, baina hitz ematen dizut zerbitzariari ez diodala Anariren diskografia osoa jartzeko eskatuko. Ez naiz hain krudela izango.
Ez dakit noiz arte iraungo duen konfinamendu honek, baina telelanak, bere telebilerekin, oraindik luze joko duela dirudi. Beraz, hemen geratzen naiz bueltako gutunaren zain, paperezkoa izan beharrean, 1ez eta 0z osatutakoa izango bada ere.
Txintxo izan bitartean.