Robotek korrika egiten al dute?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mai. 12a, 08:19

Wali,

Androideek ardi elektrikoetan ea amets egiten zuten galdetzen zuen Philip K. Dickek. Eta robotek? Robotek korrika egiten al dute? Euskal robotak ez behintzat. Ez du azeleradoreari ematen ikasi, behintzat, arinaldiko lehen fasean egon beharrean 0,2an gaude eta oraindik. Hori bai, zorionekoak gu, uztailean botoa emateko aukera izango dugulako.

Korrika egitera ez –autobusa galtzera banoa hasiko naiz saltaka, eta hori ere hala moduz–, baina pasa den asteartean paseatzera atera nintzen, noiz eta goizeko 7tan. Bai, bai, ni goizeko 7tan paseatzen. Eta, tamalez, horren lekukoak daudela esan behar dut. Imanol, Karmelo, altxa besoak. Ni pentsatzen ordu horretan jende gutxi ibiliko zela. Bai zera! Bat korrika, bestea ere bai, eta hurrengoa Rajoyren moduan azkar ibiltzen. Batzuk fosforito koloreko elastiko eta tirantezko kamisetekin korrika batean; ni ohetik erori ondoren lurrean aurkitutako lehen arropekin karakolaren pare paolbidean. “Correr es de cobardes” esan omen zuen futbolari batek. Futbolariak zerbait zentzuzkoa esaten? Gauza asko ikustekoak gara mundu honetan. Handik bi egunera berriro oso goiz esnatu nintzen. Hor ez nuen tentaziorik izan, ohean buelta eman eta niri buruari berriro lo hartzeko agindu nion. Espero bezala, ez zidan kasurik egin.

Taberna batean kafe bat hartu dut gaur. Bi hilabete ondoren taberna batean izan naiz berriro. Bat zenbakira heltzen ez den fase honetan tabernak zabaltzeko baimena dute, terrazetan bada ere, eta hori ere %50ean bakarrik. Lanerako ziurtagiria mugikorrean kargatu eta Indiana Jones-en modura atera naiz kalera abentura bila... ikusteko lauzpabost tabernak bakarrik igo dutela pertsiana. Eguraldi kaskar honekin ez zebilen jende asko terrazetan. Eguzkiarekin borrokak izango dira datozen egunetan lekua hartzeko.

Esan behar nizun nire aurrean Scorseseren azken pelikularekin ez sartzeko, baina konturatu naiz ez dudala ikusi ere egin. Ez hau, ez bere aurrekoa ere. Bob Dylanen inguruan egin zuen dokumentala bai, hura ikusi nuen, eta baita asko gustatu ere. Baina ez da ba izango Dylan gustatzen zaidalako gustatu zitzaidala dokumentala ere? Konturatzen ari naiz gero eta zine gutxiago ikusten dudala, gero eta gutxiago interesatzen zaidala, lo hartzen dudala pelikulak ikusten. Ni, gaztaroan Robert Altmanen pelikularen bat VHSko zinta batean grabatzeko goizaldeko 4rak arte esna geratzen nintzena, orain hori esaten, zinea ez zaidala interesatzen... Zahartzaroaren beste adibide bat ote? Akabo nire kultureta fama, laster kiroletako orrien ardura emango didate Baleiken. Edo zuzenean ardura denak kendu. Hori hurbilago ikusten dut.

Ea robotak azeleradorea zapaltzen duen, arinaldian aurrera egiten dugun, eta liburu dendek ere normaltasunez zabaltzen dituzten ateak, bai, besteak beste, Alvaro Ortizen komikia erosteko. Javier Olivaresen eta Santiago Garciaren ‘La colera’ ere irakurtzeko gogoz nago. ‘Las meninas’-en egileak dira. Bitartean golfeko makilak hartu eta banoa kirol pixkat egitera, horretan jolasteko aukera eman dute eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide