Infinitoraino eta haratago

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko mai. 19a, 08:32

Wali,

Konfinamenduko une subruralistena gogoratu duzu: “Poliziak gara, ez gara txaperuak”. Aparte Zumaiako historiaren eta ohituren ezjakintasun nabarmena erakusten dutela, justu kontrakoa lortuko dute; alegia, txaperu hitza berriro erabiltzea, gazteen artean munipa gehiago erabiltzen da eta azken aldian. Benga gazteak, repeat after me…

Pentsa zenbat gustatzen zaizkidan liburu, serie edota film poliziakoak, baina ez dut uste inoiz polizien fan handia izan naizenik. Beno, bai, Harry Zikina, edo, gaztelera erabil dezagun hemen, Harry el Sucio beti gustatu izan zait; hankak zabal zabal eginda, zitalak, gaizkileak eta doilorrak errebolberraren miran dituela, “make my day” esaldi mitikoa esanaz. Bergmanen filmografia guztiak baino gehiago balio du film honek. Eta gainera Clint ez doa fosforitoz jantzita...

Irudi hau ikusitakoa izango zara, La2eko dokumentaletan bada ere: animalia bat hilda ala hilzorian, eta haren gainean putreak gira eta buelta, hurrengo jatordua noiz helduko zain. Halaxe sentitu daiteke gaur egun terraza batean eserita, inguruan beste bezero batzuk zuk zure edaria bukatzeko zain daudela. Gero eta hurbilago, gero eta hurbilago, eta zuk, izorratzeagatik bakarrik, beste erronda bat eskatzen duzu. Ez dakit zer fase edo desfasetan izango dugun taberna barruan sartzeko aukera, baina oraingoz, dagoen eskaera-eskaintza ikusita, gogo handirik ez du ematen berriro terraza batera hurbiltzeko.

Ez, ez dut ezagutzen aipatzen duzun ipuina. Dickena androideena bakarrik dut irakurrita, eta hori liburu hartan oinarritutako ‘Blade runner’ maite dudalako, nahiz eta lehen aldiz ikusi nuenean, VHS kutre batean, piperrik ulertu ez nuen. Apalean daukat liburua, eta pentsatu nahi dut irakurriko nuela, baina gauza da ez dudala ezer gogoratzen. Badakizu zientzia fikzioa ez dudala gustuko –zientzia hitzak nire neuronak errebelatzen ditu–. Anaiak zituen zientzia fikziozko liburuekin saiatu nintzen txikitan, baina bosgarren orritik ez nintzen pasatzen. Asimov, Arthur C. Clarke... nahiago Hammett eta Chandler... eta haien oinordeko den Lebowski handia. ‘Blade runner’ gustatzen zait, azken finean, zine beltza delako; ‘Alien’ maite dut terrorezko pelikula perfektua delako; eta... eta hortxe geratzen naiz. ‘2001: a space odyssey’ lo eragile bezala Gaztela-Mantxa zeharkatzen duen afizionatuen mailako txirrindularitza etapa baten parekoa da, eta askok gurtzen duten 'Star wars'-ek umekeria iruditzen zait: ewokak gogoko dituztenek arazo serioak dituzte.

Nik beste idazle bat gomendatuko dizut: Carlos Zanón. Globalizazioari eta Ryanairreko hegaldi merkeei esker dagoeneko existitzen ez den Bartzelona heze eta zikin bateko erretratugile bezala ikusten dut. Liburu hauetan ez duzu Boqueriako merkatua ikusiko, ezta Ramblarik edo Gaudiren irudirik aurkituko, eta gutxiago Graciako pasealekuan dirua xahutzen egoten diren txinatarrak. Putak, drogazaleak, txarnegoak eta erdigunetik urrun dauden barrio obreroak eramaten ditu Zanónek bere liburuetara; gizarteak alde batera utzi dituen pertsonaiak dira protagonistak. Bere bizpahiru liburu irakurri ditut, eta gehiagoren beharra dut.

Hau esanda, Bartzelonara ea noiz itzuliko naizen aipatu behar nuen jarraian, baina, egia esan, egon naizenean, hiri bezala, ez zait asko gustatu; agian masifikatua dagoelako, turistez gainezka, eta ni ez naizelako turista, munduko bidaiaria baizik (ironia). Nahiago Madril, baina ikusita zer deszerebratu kuadrilla dabilen han ere, hara ere ez dakit noiz bueltatuko naizen. Inoiz bueltatzen banaiz; birusari esker auskalo noiz izango dugun berriro bidaiatzeko aukera. Oraingoz Robotenean jarraitu beharko dugu, fasetik fasera, infinitoraino eta haratago joanaz... edo hurrengo terrazara heldu arte, behintzat, Murgi txartela eskuan dugula.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide