Berandu idatzi dizut lanez gainezka izan naizelako. Hitza dela, webgunea dela, aldizkaria dela... Batzuetan, gainera, iritzia eman behar: tertuliano sasijakintsu baten plantak ere hartu behar izaten ditudala esango nuke. Ez dakit zeren zain dauden ETB-1eko arduradunak ni kontratatzeko; dituen audientziak baino okerragoak ez nituzke utziko. Zientzia nuklearraz hitz egin behar dela? Hemen ni! Bertsolaritzaren historiaz aritu behar dela? Zein hobeto ni baino, bertsolaritzarekin dudan harreman bakarra Joanito Dorronsorok jartzen zizkidan nota txarrak, edo Jon Maiari argazki batzuk ateratzea bada ere. Eta tertuliano lanetarako ez bada, Oholtzan saioa aurkezteko prest nago. Los Tres Sudamericanos de Eibar y Ermua (pero no Zaldibar) bezalako konjuntuak –Felix Askizuk dioen bezala– aurkezteko inor egokiagorik ba al dago, Julian Iantzi eta Patxi Alonsoz aparte.
Kosmopaletismoa aipatu dugu azken bi gutunotan, baina jar dezagun balorean kosmopaletismoa, edo kosmopaletoa eraman dezagun erdigunera. Ez, ez daukat berriro ere kosmopaletoaz aritzeko gogorik, nahiz eta aldundiak Gipuzkoa Passport ekimena aurkezten duen... Hain zaila al da pasaportea jartzea? Baina eraman dezagun gaia erdigunera, edo behintzat, balorean jar dezagun. Redios, ze errepikakorrak garen askotan! Ez dakit nori okurritu zitzaion edozer erdigunera eramatearen hori –benetan diot lehen aldiz irakurri nuenean pentsatu nuela jendeak zentrora, hirigunera, joan nahi zuela bizitzera–, baina iaztik errepikatzen den esaldia da, espektro sozial edota politiko batean bereziki. Mesedez, norbaitek pentsa dezala ordezkoren bat, eta eraman dezala erdigunera!
Igande honetan izan nuen birusaren ondorengo lehen kontzertua, non eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Oinak desinfektatuta, eskuak ere bai, eta uneoro maskara jarrita. Une berezia zelako, edo, behintzat, ingurune horretan ez desentonatzeko, maskarilla estreinatu nuen; ez nintzen ba merkeroko kirurgiko horietako batekin joango halako leku ponpoxo batera. Eta aizu, behin musika hasten denean sudurra eta ahora estaltzen dizun trapu horretaz ahazten zara. Ez dakit honen ondoren kontzertu gehiago izango diren, ez dakit beste inor animatuko den, ez dakit... ez dakit. Ondo dakit, hori bai, zuri kontzertuak-eta gutxi axola zaizkizula, baina hemengo honen elikaduraren parte garrantzitsua dira.
Gel hidroalkoholikoak direla eta, badut proposamen bat Baleikerako: Zumaiako gel hidroalkoholiko onena aukera dezagun! Taberna, denda edo eraikin sarreretan dauden gelak ‘dastatu’ eta botoa ematea proposatzen dut. Irabazten duenaK maskarilla sorta bat jasoko du sari bezala. Izan ere, batere harritu ez uztailaren 13aren ondoren fasean atzera egiten badugu. Behin botoa emanda, eta robota gurtu ondoren, ze inporta dio ba berriro etxean sartzea!
Gloriosoak salba gaitzala...