Eskertzen dizut, bai, postal hori bidaltzea, nahiz eta jakingo duzun nik mendiarekin dudan harremana urak olioarekin duena dela, bateraezina. Beste konparazio bat egin behar nuen Cruzcampo (ustez) garagardoarekin, baina, Denis Itxasoren mentzioekin gertatu bezala, hori ere nahiko gastatuta daukat. Berrikuntzaren bila joan behar garela dio hor norbaitek, robotak edo haren aldamenean mugitzen denak, eta halaxe egingo dut nik ere. Ondo dakizu ez naizela mendi baten ingurura hurreratuko. Batetik polenaren alegia galanta dudalako, eta masokista izanda ere ez dudalako kalenturarekin doministikuka egoteko gogo handirik. Bestalde, logika ilogikoak agintzen du nire barrenean: zertarako igo berriro jaitsi behar bada; zertarako hainbeste denbora pasa mendi bat igotzen, denbora horretan sofan egotea baduzu liburu bat irakurtzen, edo musika entzuten. Liburu bat gomendatuko dizut orain: Ander Izagirre kazetari donostiarraren ‘Los sotanos del mundo’.
Gel hidroalkoholikoaren garaia da hau. Batzuk pringosoak, lehortzen ez direnak besteak. Pote batzuetatik bi tanta ateratzen dira; txorretoi galanta beste batzuetatik. Eta maskaren garaia ere bada. Ahoa eta sudurra estaltzen diguten trapu horiekin, diseinukoak asko –beti ere kukiak garelako Basque regioneko jendea–, Far Westeko banku bat lapurtzera sartzen diren gaizkileen plantak ditugu. Lapurretak, baina, guk jasaten ditugu, eta ez noa hostieleroen sektorea aipatzera.
“Egunen batean benetako euria eroriko da, eta kaleko zikinkeria hau guztia garbituko du”, zioen Travis Bickleek. Tamalez, ez dut uste birus hau hemendik eramango duen zaparradarik eroriko denik. “Esnatu zenean, dinosauroak han jarraitzen zuen”, zioen Monterrosoren mikroipuinak. Eta bai, esnatuko garenean, noizbait esnatzen bagara, maskarak hor jarraituko du. Kirurgikoa, berdea, urdina edo diseinukoa. Ez dugu ikasten, eta berriro etxean gordeko gaituztenean izango dira dramak eta negarrak. Porra bat egitekoa nintzen Baleiken: noiz bueltatuko gara 0 fasera? Saria: zuri, berde eta gorri koloreko maskara bat. Basque mask. Uztailaren 13an izango zelakoan nintzen, behin robota gurtu ondoren, baina uste dut hain krudela ez dela izango, eta egun bat gehiago emango duela, bilbotarrek Castro eta Nojara joateko denbora izan dezaten. Lasai, murga berdin berdin jasoko dugu eitelebistaren bidez.
Facebooken begira Coppolak ‘Apocalypse Now’ berriro muntatu duela ikusi dut, eta bertsio berri hori Donostian emango dutela. Badakizu nola hasten den pelikula, The Doors taldearen ‘The End’ abestia entzuten dela. Ba horixe, hau da gutun partekatze honen amaiera. Gogoratuko duzu pelikularen amaieran zer dioen Kurtzek: “The horror, the horror”. Ez dakit horror hori Gloriosoaren ondorioa izango den, edo etorkizuneko birus robotikoak ekarriko diguna. Hori ikusiko dugu.