COVID-19aren aurretik nahikoa izaten zen sarrera erakustea aretoan barneratzeko. Aro berri honetan tenperatura hartzen dizute atean, eskuak garbitu behar dituzu eta maskara eraman uneoro. Ez da hain ohikoa, ezta ere, Belakoren kontzertu bat eserita jarraitu beharra, eta gutxiago agertoki aurrean jarritako mahai batzuen bueltan kokatzen zaituztenean. Batzuetan Jose Luis Morenoren telebista saio batean egongo bazina bezala sentitzen zinen, txiste kontalari bat noiz aterako zain. Baina horrek guztiak merezi izan zuen, laukoteak sekulako kontzertua eman zuelako.
Gogotsu atera ziren Cris (ahotsak eta teklatuak), Josu Ximun (gitarra eta ahotsak), Lore (baxua eta ahotsak) eta Lander (bateria eta ahotsak) agertokira. Azken honek esan bezala, oraindik atera ez duten diskoa, beraien laugarrena, Plastic drama izenekoa, aurkezten ari dira. Diskoa udaberrian atera behar zuten, baina pandemiak bete betean harrapatu zituen, eta abuztura arte zain egotea erabaki dute diskoa plazaratzeko. Aurreko asteotan autozinetan eman dituzte kontzertuak, eta, udako jaialdien faltan, aretotan ariko dira hemendik aurrera.
Diskoaren faltan, sare sozialen bidez joan dira abesti berriak partekatzen. Plastic drama osatuko duten abestiek osatu zuten ostiraleko kontzertuko bizkarrezurra. Tie me up, All nerve, The craft edo Truth izan ziren abesti horietako batzuk. Ingelesez abesten du taldeak, baina euskarari ere egin zioten tarte bat kontzertuan, Marinela abestiarekin. Kanta zaharragoek ere izan zuten presentzia, noski, baina askotan eraldatu nahi izan zituzten, erritmoak motelduaz batzuetan. Hala, taldearen izen bereko lehen diskoko Sea of confusion (ia bukaeran), Hameneko Mum edo orain hiru urte ateratako Render me numb, trivial violence diskoko Maskenfreiheit erori ziren. Eta barkatuko didazue hau esatea, baina kontzertua hasi eta gutxira Lungs bezalako harrikada bat erortzen zaizunean –nire ustez, taldearen abesti onenetakoa–, zaila, oso zaila da eserita mantentzea. Saltoka hastera eramaten zaituen abesti horietako bat da.
Belakoren abestiak oinarri erritmiko sendo baten gainean eraikitzen dira; hori da taldearen sekretua. Loreren baxuak eta Landerren bateriak sortzen duten erritmoa itzela da, eta ostiralean ere hala erakutsi zuten Azpeitian. Post punketik abiatuta, popera edo dantza erritmoetara eramaten zaituen taldea da Belako. Azken urteotan, Cris Lizarragak presentzia handiagoa hartu du abeslari bezala. Lehen abesteaz gain teklatuak ere jo behar izaten zituen. Orain abesti gutxi batzuetan jotzen ditu, gehienak aurrez grabatutako pistetan jasotzen dira eta.
Abuztuaren 28an aterako dute Plastic drama diskoan, Lorek esan bezala, eta Azpeitiko aretoari keinu eginez, San Agustin egunean. Maskaren aro arraro honetan Belako garaile atera zen.