Noam Chomsky linguista eta pentsalari estatubatuarraren idatzietan oinarritu da Petti mass mediaren inguruko hausnarketa hau sortzeko, bere ibilbideko disko politikoena izan daitekeena. Chomskiren idatziak Harkaitz Canoren eskuetan utzi zituen Berakoak, eta hark sortutako poemen gainean eraiki ditu Pettik diskoa osatzen duten hamar abestiak.
Boskote formatuan defendatu zuen diskoa Modeloko agertokian: Petti (ahotsa eta gitarrak), Iñigo Telletxea (baxua), Ander Zulaika (bateria), Juantxo Zeberio (teklatuak) eta Alejandro Saul (txeloa). Diskoan parte hartzen duen Maite Larburu ere Zarautzen izan zen atzo, ahotsak jartzen abesti batzuetan.
Aurreaurkezpena izanda, diskoko abestiek izan zuten protagonismoa emanaldiko lehen pasarteetan. Zaldi emozionalak bluesarekin hasi zuen kontzertua, eta ondoren etorri ziren, besteak beste, bossa nova erritmoekin jantzitako Helduentzako sehaska kanta (I), Diotenez, Inozoak ispilu bira edo Errurik gabeko habia. Hotzikarak diskoko Azken Aetzaren balada pianoaren laguntza soilarekin bakarrik abestu zuen nafarrak. Piano eta txelo doinu delikatuek lagundu duten Pettiren gitarra akustikoa emanaldiko zati horretan.
Cano berak idatzitako Erramurik gabeko gauak handian gitarra elektrikoa zintzilikatu zuen Pettik, eta esan daiteke kanta horrek giltzarri moduan jokatu zuela, hortik aurrera rockak hartu baitzuen lekua. Neil Young kanadiarrak bere kontzertuetan egiten duen moduan, bere aurpegi delikatua erakutsi zuen Pettik lehen zatian, eta bortitzagoa bigarrenean Azken diskoko Helduentzako sehaska kanta (II + I), eta Etxeko Uztarekin grabatu zuen Hotzikarakeko Ni naiz edo Amaiera erori ziren, besteak beste. Joseba Irazokik jarri du gitarra azken disko hauetan; atzo ez zen izan Modelon, ezta beharrik ere: gitarra jotzaile aparta dela erakutsi zuen Pettik, bai akustikoarekin jotako punteoetan, eta baita elektrikoarekin egindako soloetan ere. Azken diskoko Zeure begia, haien zizare eta 2002ko Etxeko uzta CDko Biharamuna rockeroekin bukatu zuen Berakoak kontzertua.
Manipulazio estrategiak agian bere azken diskoa izango dela iragarri zuen Pettik Berriari emandako elkarrizketa batean. Ez dadila hala izan.