Zinema aretoen inguruan idatzi zuen Artanok pasa den astean Hitzarako. Une batean Zumaiako Aita Mari aretoan bizitakoak gogoratzen zituen zestoarrak: “Gerora Zumaiako Ostarrenakoen zikloetara ere maiz joan izan naiz. Zinema areto bakoitzak usain partikular bat du eta Aita Marikoak niri ostegun gau horietako istorioak dakarzkit. Akordatzen naiz behin nola pelikula amaitzeko hamabost minutu-edo falta zirela akats teknikoren bat gertatu eta amaiera ikusi ezinda geratu ginen. Filma zein zen ez dut gogoan baina Zineklubeko Abelin Linazisorok egin zuena ez zait ahaztuko: besaulkitik jaiki, denon aurrean jarri, barkamena eskatu, eta pelikularen amaiera, tapa-tapatapa, kontatu zigun. Jeniala”.
Eta bai, hala izan zen, ondo gogoan daukat saio hartako ikusle izan nintzelako, eta zine klubeko kidea ere banintzelako. Alejandro González Iñárrituren 21 gramos pelikula zen. Herrian, edo herriko zati batean, behintzat, argia joan zen pelikula amaitzeko 10-15 minuturen faltan. Eta bai, han jaiki zen Abelin pelikularen amaiera kontatzera. Ikusle batzuk alde egin zuten, beste batzuk bukaera jakin nahian han segi zuten. Bere ondoan nengoen, non sartu ez nekiela; ez Abelinek egin zuenagatik –bejondeiola!–, beste behin ere zine forum saio bat albiste bihurtu zelako; ez pelikulen mailagatik, han gertatzen zenagatik baizik.
1993an edo 1994an sartu ginen taldera Karlos del Pilar laguna eta biok. Ez dakit zenbat urtez egon ginen, baino asko izan ziren, eta bai, ederki pasa nuen denbora horretan: pelikulak aukeratzeko Indamendi elkartean egiten genituen bilerak, bat, bi edo lau zerbezaz blaituta; bakoitzak bere pelikulak aurkezten zituen, eta debatearen ondoren denboraldiko sei, zortzi edo hamabi pelikulak aukeratzen genituen. Afariak ere izan ziren; pelikulen ondorengo debateak Ihintza tabernan; emandako maisulanak; klasikoak; El señor de los anillosen lehen pelikularekin 600 lagun bertaratu izana; pelikula ederrak, eta beste batzuk ez hain onak, tartean inork ikusi ez, eta posterraren edertasunagatik bakarrik programatutako filma frantziar hura. Txarra al zen? Ez dakizue ondo zenbat!
Baina ez zen dena hain polita, niretzako behintzat: filmeen proiekzioa tortura hutsa zen sarritan. Kontaezinak dira desfokuratuta emandako pelikulak, makinaren egoeragatik edo auskalo zergatik. Inoiz ez genuen jakin. Patrice Leconte frantziarraren Confidencias muy íntimas pelikula eman genuen behin. Ez dut ezer gogoratzen pelikula hartaz, baina han bizitakoa bai. Une batean pantailaren ezkerraldea geratzen zen desfokuratuta, gero eskuinaldea, gero berriz ezkerraldea... eta hala pelikulak irauten zituen ia bi orduak. Halako zenbat eta zenbat bizi izan genituen.
Orain ez bezala, garai hartan pelikulak bobinatan zatituta ekartzen zituzten, eta aretoko langileen lana izaten zen filma behar bezala muntatzea. Ez dakit zein pelikula gaizki muntatu zuten, eta pelikularen zati bat alderantziz zegoen: ezkerraldea eskuinean, eta eskuina ezkerrean. Proiekzioa gelditu behar izan genuen, berriro muntatzeko.
Izan zen beste pasadizo bat, hau ez zen zine forum saioan izan, asteburukoan, baizik. Clint Eastwooden Gran torino eman zuten. Donostian ikusi nuen, eta asko gustatuta ere ez nintzen Aita Marira joan. Bai, ordea, lagun bat. Galdetzean ea zer iruditu zitzaion, gustatu zitzaiola esan zidan, baina ulertzea kostatu zitzaiola denboran atzera eta aurrera egiten zuelako, eta une batzuetan ulertezina bihurtzen zelako. Ni harrituta, Donostiako saioan halakorik ez nuelako ikusi: kontakizuna lineala zuen. Gero jakin genuen pelikula gaizki muntatu zutela; lehen bobinaren ondoren laugarrena itsatsi zuten, jarraian hirugarrena, gero seigarrena, eta hala bobina guztiak pegatu arte. Narrazio klasikoa duen pelikula abangoardiakoa bihurtu zuten orduko langileek. Onena: gaizki muntatuta zegoela jakinda ere, hurrengo egunean berdin berdin eman zuten.
Momentu tristeagoak ere izan ziren: Aki Kaurismäkiren filma bat programatu genuen, proiekzioa hasi... eta zeluloidezko pelikula erretzen ikusi genuen pantailan. Pelikula eman behar zuenak arazoak zituen, eta pelikula erre zitzaion zuzenean, denon aurrean. Halakoetan ez zegoen ez zerbezarik ez debaterik; bai mala letxe galanta etxera bidean.
Pixkanaka zine forum saioetara joateari utzi nion, taldean jarraitzen banuen ere. Gehienetan (hala gogoratu nahi dut) ondo ematen ziren saioak, baina sufritu egiten nuen: istorioari ez nion kasurik egiten, bai, ordea, proiekzioaren kalitateari; desfokuratze minimo bat ikusten banuen besaulkian mugitzen hasten nintzen, urduri lehenbizi, haserre gero, eta kristoren mala ostiarekin amaieran. Hala, azkenean taldea utzi nuen.
Orain, teknologia digitalarekin, filmak ez dituzte lonazko sakoetan sartutako bobina pisutsuetan ekartzen, disko gogor antzerako kartutxoetan, baizik. Orain ez dago gaizki fokuratutako pelikularik, ez oker muntatutakorik. Ez dago kontakizunik eserlekuetan; abenturak orain filma beraietan daude, zorionez.