Umezurtz

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2020ko aza. 10a, 09:47

Asteburua orain hilabete hasi eta kateatuta nuen liburu bat –Jordi Cussà Balaguer kataluniarraren Caballos salvajes– bukatu eta Rodrigo Sorogoyenen eta Isabel Peñaren Antidisturbios telesaila ikusteko aprobetxatu ondoren, paseatzera atera nintzen atzo behin lanorduak beteta.

Zapatilak hartu, batzuetan begietaraino igo, hurrengoan sudur azpira jaitsi eta beti betaurrekoak lurruntzen dizkidan maskara muturrean jarri, eta kalera atera naiz. Eguraldi ederra, arratsalde polita. 127.000 haur eta beste hainbeste guraso Odietako jolastokian. Normalean baino jende gehiago Beheko plazan; Erribera kalean ere herritar dezente. Zer esanik ez Parolbidean; baita barran ere. Ezagunak batzuk, besteak ez. “Ze, kirola egiten?”, dio batek. Erantzun ustez burutsua bueltan. Puntara joan, eta F-kin hizketan tipi-tapa bueltan. Herritar talde bat dago orain komunak diren eta lehen Junta de Salvamentoko etxola zen lekuaren ondoan, “a la fresca”. Ni bezala, jende asko dabil pasean, eguraldi ona aprobetxatzen. “Behintzat ez diezagutela hori kendu”, dio C-k. Esan bezala, arratsalde polita da, eta argia are eta politagoa, mugikorrarekin argazki batzuk ateratzeko egokia.

Herrira bueltatu, aldizkarirako gai bateko hitzordua lotu –ez dago aurrez aurreko segada hobetuko duen telefono deirik edo sare sozalik–... eta hor hutsunea sumatu dut. Normalean paseoa kafe-te-zerbeza-ardo-pintxo batekin bukatuko nuen; orain tabernak itxita daude, umezurtz sentitzen gara. Erosketak egin, eta ixil-ixilik etxera buelta. Eta hau hasi besterik ez da egin...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide