Ongi etorri Amoranteren unibertsora

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urt. 15a, 14:00

Euskal musika panoramako pertsonaia heterogeneoetako bat da Amorante. Oin bat kantugintza tradizionalean eta herrikoian duena, eta bestea abangoardian eta erritmo koloretsuagoetan. Karraska batekin hasi, eta pisten eta pedalen bidez abesti bat sortu, eta bizkarrezurra mugitzera eraman zaitzakeen musikaria da hau. Izen artistiko horren atzean Iban Urizar elgoibartarra dago, eta atzo kontzertua eman zuen Zarauzko Modelo aretoan, Beste bat! zikloaren barruan. Ez zen aretoa bete, baina sarrerak agortzetik hurbil geratu ziren.

Bat edo hiru diskoa atera zuen iaz Forbidden Colours diskoetxearen bidez, eta ezin kexatu daiteke, kontzertuaren amaieran esan zuenez, diskoa dagoeneko agortuta dagoelako. “Binilozko edizioa bakarrik atera dugu, eta agortuta dago. Erromantikoek diskoa berrargitaratu arte zain egon beharko dute; millennialek eta gazteek, berriz, sarean dute”, azaldu zuen. Eta kontzertuak izan zuen harrera ikusita, entzule batek edo bestek gustura eramango zuen diskoa besapean etxera, Amorante zuzenean edo diskoan entzutea berdina ez bada ere: agertokiko animalia da Urizar.

Ohi duen bezala, oholtzatik kanpo hasi zuen kontzertua. Aretoko argiak itzali bezain pronto entzun ziren fliskorno doinuak, baina ez taulatu gainean; bai, ordea, jendartean. Ipuin klasikoan Hammelingo xirula jotzaileak haurrak erakartzen zituen bezala, entzuleak bere unibertsora eraman zituen Amorantek korridorean behera egindako paseoan. Apaizek, euskal esklabistek, jazz klubek eta bere Tio Jose Marik sortutako historiek edo istorioek osatzen dute Amoranteren mundu aberatsa.

Diskoari hasiera ematen dion Condor abestiarekin hasi zuen kontzertua, eta handik gutxira egin zen presente bere Tio Jose Mari, Vatikano kanpoaldeko hilerri bateko bizilagunek egindako festaren kontakizunarekin. Haren hitzetan, apaizen barrabilak eta zakilak prestatu zituzten menu bezala. Orain hiru urte inguru zendutako Tio Jose Mariren beste hitz batzuei ere musika jarri die Urizarrek, bata eta bestea ederki moldatzen direnaren seinale. Apaizak ere izan zituen hizpide beste abesti batean, elkar maitemintzen diren Karmeloren eta Jose Mariren kontakizunean, hain zuzen ere.

Gitarra soil batekin jotako Juliana abestian euskaldunok esklaboak ekartzen genitueneko istorio bat kontatu zuen; Uxue Alberdi idazleari eskatutako hitzei musika jarri die elgoibartarrak. Abestietako letren egilea ere bada –“txarrenak”, bere hitzetan–, baina beste idazle batzuei ere hartu dizkie hitzak. Horren adibide dira Joseba Sarrionaindiaren, Joxan Artzeren, Bilintxen edo Jose Maria Iparragirreren hitzekin egindako kantak. Donostiarraren eta urretxuarraren letrak autotunearen galbahetik pasatzen uzten duen musikari bakarra izango da Amorante, Manuela (“Gure Duo Dinamikoa”) eta Behin batian abestietan erakutsi zuen bezala. 

Artzeren poeman oinarritutako Ama hil zaigu kantarekin amaitu zuen ordubeteko saioa Amorante. Negu gorria kanpoan, baina Urizarren unibertsoan ordubete pasatu izanaren poza barrenean. Errepikatuko ote da esperientzia?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide