Stan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko urt. 22a, 08:00

Udazken-negu honetako auskalo zenbatgarren borraska dugun gainean. Azkenaldian izenak jartzen dizkiete denboraleei, aurretik urakanei egiten zieten bezala. Bost axola niri; nahikoa lan badut lankide batzuen aurpegiak eta izenak parekatzen, borrasken izenak gogoratzen hasteko.

Jaieguna dut. Gosaldu, platerak garbitu, prentsa irakurri, musika jarri, prentsarekin aspertu, txateatu, landareak zaindu, eguraldiak hobera egin duen begiratu, liburu bat eskuetan hartu, berehala utzi, komiki bat oso-osorik irakurri, musika gehiago jarri... Uda garaian Ikeatik erositako baldei esker diskoak orain ordenatuta dauzkat, eta nire kaos kontrolatuan badakit gutxi gorabehera disko bakoitza non dagoen. Azken erosketak alde batera utzi, eta disko zaharrak entzuten hasi naiz, 1980ko hamarkadakoak. The Housemartins talde britainiarraren diskoa hartu dut eskuetan; tokadiskoan jarri dut, eta denboraren makinara igo naiz.

Hiru hamarkada eta erdi egin ditut atzera. 15-16 urte nituen disko hau atera zutenean, beraien ibilbide laburreko bigarrena. Eta zenbat gustatzen zitzaidan talde hau! Uste dut bi diskoak kasetetan grabatuta izan nituela, garai hartan diskoak erosteko diru askorik ez nuen eta. Bigarrena badudanez, eta lehena ez, horren bila hasi naiz Interneten. Kopia asko daude salgai, baina auskalo zer egoeratan egongo diren, asko eta asko, gehienak, bigarren, hirugarren edo laugarren eskukoak direlako. Atzera egin dut; garai batean bigarren eskuko disko mordoa erosi nuen, baina garaiak ere aldatzen ari dira, Dylanek zioen bezala.

Eguraldiak ez du onera egiten, eta ordenagailu aurrean jarri naiz, taldearen garaiko bideoklipak ikusten. Kantak onak ziren, freskoak, eta bideoklipak dibertigarriak. Bata bestearen atzetik jarri ditut, eta bat edo beste birritan. Nostalgia ate joka. Abeslariak beste talde bat sortu zuen, The Beautiful South, eta baxu jotzaileak elektronikara salto egin zuela Fatboy Slim bezala; bateria jotzailea, berriz, atxilotu egin zuten etxe bati su emateagatik. Baina gitarristarekin zer gertatu zen? Mutil onaren plantak zituen betaurrekodun harekin? Stan Cullymore zuen izena. Facebooken sartu dut bere izena eta aukera desberdinen artean bat klikatu dut: errioetako kanalen inguruko bideo batzuetan gizon bat agertzen da, 50 urteak ondo betetakoak, flakoa; ile gutxi eta zuria du; batzuetan betaurrekoak ditu, besteetan ez. Baina bai, bera da. Kazetaria lanbidez, haurren 120 liburu ere atera omen ditu urte hauetan guztietan. Ez dakit zergatik, baina lagun eskaera bidali diot, esperantza gutxirekin: zertarako nahiko ote du Ingalaterrako gizon heldu batek hizkuntza arraro batean idazten duen majadero baten laguna izan? Baina eskaera onartu du! Nire gaztaroan hainbeste gustatzen zitzaidan talde bateko gitarrista “laguna” dut orain! Toma! Eguna eginda. Eta kanpoan eguraldi txarrak jarraitzen du...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide