Leihoak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko ots. 23a, 07:00

Trenak abiadura hartu du eta eskuetan dudan liburutik leihora pasatzen da begirada. Etxeak, zuhaitzak, errekak eta ibaiak, animaliak, bidexkak eta autobideak abiada batean pasatzen dira, eta ikusitako guztia prozesatu gabe liburuaren orrietara itzultzen naiz; irakurtzen ari naizen istorioan murgiltzen naiz berriro.

Liburua mahai gainean utzi dut, eta kafe kikara ezpainetara eraman dut, kafetegiko leihotik hiriko bizitza pasatzen ikusten dudan bitartean. Lanetik bueltan batzuk, ikastetxera bidean besteak, eta etxera itzultzen hurrengoak erosketak egin berri dituztela. Taxiak bezero bila dabiltza, eta bezeroak taxi bila. Autobusek eta txirrindulariek slalomak egiten dituzte kaleetan zehar. Kafea utzi, eta bizitza erreala alde batera utzita, liburuak eskaintzen didan bizitza literariora itzultzen naiz.

Euri tantek leihoko kristala kolpatzen dute. Sofan botata nago, luze-luze, musika jarrita, liburu bat eskuetan dudala. Urteko lehen denboraleak kaleak hustu ditu, eta zerbeza bat edo beste edateko tabernara joateko gogotsu banago ere, ia horizontalean erortzen ari diren euri zaparradek gogoak uxatu eta liburura itzuli naiz, eta sofan postura hobeagoa hartu.

Liburuak eta leihoak, ondo eramaten den bikotea; nire buruan, behintzat. Liburuak ez al dira, azken finean, imajinaziora –edo errealitate gordinera– eramaten gaituzten leihoak. Badaude, baina, literaturarekin hain ondo moldatzen ez diren beste leihoak: digitalak, alegia. Eta ez noa hemen liburu digitalekin sartzera, paperaren jarraitzaile sutsua izanda ere.

“Ohiturak ikaragarri aldatu zaizkigu, mugikorrarekin, tabletarekin. Irakurtzen dugu ikaragarri, baina ez liburu oso bat; Interneteko artikulu zati batzuk irakurtzen ditugu, sare sozialetako edukiak”, zioen Lander Irizarrek abenduko Baleike aldizkarirako egindako elkarrizketan. Eta irakurtzeari buruz dioena ikus-entzunezkoei ere aplika dakieke. Argi edo soinuen bidezko jakinarazpenak, mezuak eta txioak, sare sozialetako lagun izateko eskaerak, telefoniako operadoreen deiak... kontzentrazioa eragozten duten faktoreak bihurtu dira. Eta hain ditugu barneratuta, normalak bihurtu dira gure bizitzan. Akaso ez gara egoten mugikorrari begira telebistako eduki bat ikusten ari garenean. Noiz ikusi duzue filma bat oso-osorik mugikorrera begira egon gabe? Noiz 10-15 minutuan irakurtzen egon mezuren bat jaso duzun jakin nahi izan gabe?

Badu honek soluzio erraz bat: mugikorra, ordenagailuak, tabletak, alde batera uztea, itzaltzea ordu batzuez bada ere. Agian zerbait galdu dugun sentsazioa hor izango dugu, baina ziur munduak aurrera jarraitzen duela... hondamendira bada ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide