Uxaldia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko mar. 6a, 11:41

Uxaldia hasi baino bost-hamar minutu lehenago hasi da jendea erlojuari begira. 

Giro goibela da nagusi tabernan. Aurreko urteetako alaitasuna, berriketak, soinua falta dira. Musikak ere ez du laguntzen gaurkoan. Norman Rockwellen Nighthawks koadroaren espiritua nabari da gaur, aurreko egunetan, asteotan, hilabeteotan sumatu den bezala.

-Emango al digu denbora beste bat hartzeko –galdetu du Haritzek.

-Ez dut uste –erantzun dio lagunak, hasperen batekin, edalontzian geratzen zazkion garagardoaren azken arrastoei begira.

-Nik uste azkar eskatzen badugu aterako digula…

Lagunak ez dio erantzun. Erlojuari begira dago. Beste minutu bat pasa da azken aldiz begiratu duenetik. Badirudi taberna honetan denbora gelditu egin dela: betiko itxura, betiko bezeroak, betiko edariak. Baina ez. Erlojuaren orratzek aurrera jarraitzen dute. Tik-tak, tik-tak, tik-tak. Bere erritmoan aurrera.

Fernando aulkitik jaiki da. Bizkarraldean utzita zuen txamarra jantzi, edalontzia tabernako barran utzi eta buruarekin beste bezeroak agurtu ondoren, burumakur doa aterantz. Adin bat du Fernandok, beteranoa da, badaki zer gertatuko den minutu gutxi batzuk barru, eta ez du bere burua arriskuan jarri nahi. Orain hilabete batzuk bete-betean harrapatu zuen estanpidak, eta larrialdietara eraman behar izan zuten. Halakorik berriro gertatuko ez zaiola egindu zion bere buruari, eta hitza bete du. Zorionez, etxea hurbil du, eta badu denbora bertan gordetzeko.

Antoniok egunaren amaierako ohiko abestia eskatu dio tabernariari. 

-Gaur ere kanta hau? Ez al dago besterik? –galdetu du Joxek ardoa esku batetik bestera pasatzen duen bitartean. 

-Zer? Ez al zaizu gustatzen? -erantzun dio Antoniok.

-Ondo dago. Baina, ostias, egunero berdina eskatzen duzu.

-Une honetarako egokia delako. Seguru pelikula ikusita duzula.

Eta Miranda de Ebroko areto hartan ikusitako filma kontatzen hasi zaio, berriro. Madarikazio batekin aterantz hurbildu da Joxe.

-Oraindik ez dago inor. Denak ere azken unera arte egongo dira zain. Gu bezala. Ez al zaizu iruditzen, Fernando?

Joxe ez da konturatu Fernando minutu gutxi batzuk lehenago joan dela tabernatik. Ardoa amaitu, eta barrara bidean da berriro.

-Atera beste ardo bat.

-Badakizu ez dizudala aterako. Ondo dakizu, egunero berdin egiten duzu eta. Minutu bat falta da zortziretarako eta itxi beharra daukat –dio tabernariak–. Zuek, hasi edariak bukatzen. 

Aurrekoan txaperoek isuna jarri zioten hamar minutu luzatu zuelako itxiera ordua. Azken aldian ez du diru askorik ateratzen tabenatik, eta ez du irabazitako apur hori isun batean joatea nahi.

-Zer esan dizuet? Benga, alde hemendik! Eta ez aurpegi horiek jarri. Badakizue nik ere nahiko nukeela beranduago arte zabaldu, baina oraingoz ezin da. Nahi baduzue zuen etxeetan jarraitu edatearekin. Hemen, gaurkoz, bukatu da.

Musika ere mututu du tabernariak. Garagardoak, ardoak, konbinatuak bukatuta, bezeroak atera hurbilduz doaz. Berokiak jarri, eta hormari itsatsita doaz aurrera kalean barrena.

Ordu berean hasi dira bezeroak beste tabernetatik ateratzen. Banaka, binaka, taldeka, bide erditik doaz, abaila batean, etxera heltzeko gogoz. Hasi da uxaldia, hasi da estanpida. Hogarretik ateratako zaharrak ere azkar doaz, beraien takatakei helduta, inguruan doan norbait harrapatuko duten inporta gabe.

-Kontuz! Zapalduko gaituzula! -egin dio oihu Haritzek zahar bati. Hark aurrera jarraitu du, alboetara begiratu gabe.

Joxek lurrean amaitu du. Nahikoa izan da bultzada txiki bat jasotzea luze erortzeko. Hartu dituen ardoek ere izan dute eragina. Hiruen artean altxa dute.

Hasi bezain pronto amaitu da uxaldia, eta Antonio, Joxe, Haritz eta besteak bakarrik daude kalean.

-Zuek uste tabernaren bat zabalik izango dela ordu honetan? –galdetu du Joxek.

-Ez, goazen etxera. Bihar beste egun bat izango da –erantzun diote.

Iluntzeko zortzirak pasatxo dira. Herriko kaleak hutsik daude.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide