Bidaiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko eka. 22a, 05:58

Mugak zabaldu dituzte, Espainiako Estatu barrukoak badira ere... eta askorentzat liberazio une bat denak sofatik jaikitzeko gogorik gabe aurkitu nau. Sofaren hori ez modu literal batean ulertu, mesedez. Ez naiz munduaren beldur den hikokomori bat bihurtu; ez naiz nire gelan gorde gehiago ez ateratzeko. Baina bai, bidaiatzeko gogo handirik gabe harrapatu nau mugen arteko barrera altxatzeak. 

Bidaiatu izan dut: Suitzara nire altxor ezkutua gordetzera (hau ere ez sinetsi... edo bai, ze demontre!), Irlandara, Turkiara... Baina ez Balira, Australiara edo Ameriketara. Helmugara heltzeko hainbeste ordutan hegazkin batean sartuta egotea, egun erdi bat besaulki txiki eta estu batean eserita egon beharra, amesgaiztoa iruditzen zait gaur egun. Gazte nintzela bidaiatzen nuen, eta hemendik urte batzuetara, akaso, Benidormeko (euskal) diskoteketako protagonista izango naiz, manzanilla baten ondoren batallitak kontatzen. Baina nire bizitzako laugarren hamarkada atzean uzteko zorian naizen honetan, nagikeriak hartu ditu nire neuronak eta organoak. 

Itxialdiaren eta maskararen aro ilun, goibel eta deseroso honetan bidaiatu izan dut, liburuen bidez. Ez Stevensonen, Salgariren edo Verneren abenturetako eleberrien bidez, kazetaritzako liburuekin baizik. Mikel Reparazen Las grietas de Américarekin eta Mikel Ayestaranen Jerusalén, santa y cautiva liburuekin gertatu zait, adibidez. Baita Jorge Decarliniren ¡Milagro! Liburuarekin ere. Horretarako, ordenagailuan irekitako Google Mapsaren makulua izaten nuen. Reparaz Brooklyneko kale batean bizi izan zela Estatu Batuetara joan zenean? Satelite bidez kale horren erdian kokatzen nintzen. Jerusalemeko hiri zaharra lau barriotan banatuta dagoela? Han non ibiltzen nintzen kalez kale barrio judu, armeniar, kristau eta musulmanetan zehar. 

Estatu Batuen kasuan, nire edukazio zinematografikoa edo katodikoa ere erabiltzen nuen bidaia sui generis hauetarako. Kazetariak Baltimore hirian izandako eraso arrazista bat kontatzen zuenean, The Wire telesaileko irudiak edo John Watersen film kitschak etortzen zitzaizkidan burura. Berdin beste hiri batzuetara joaten zenean ere. Palestinako kasua desberdina da; pelikuletakoak edo telesailetakoak baino, albistegietako irudiak etortzen zaizkit burura, eta horrek sekulako malaostian jartzen nau. Noski, hor dago The Life of Brian komedia, baina kontuan hartuta Tunisian errodatu zutela, ez dakit oso fidagarria izan daitekeen...

Beraz, ateak berriro itxi bitartean bi aukera ditut: nagikeria astindu eta motxila prestatu, Soriara torreznoak irenstera joateko bada ere; edo sofan berriro jarri eta beste liburu batekin irudimena dantzan jarri. Gogoratzen dudanez, Zigor Aldamak Mongoliara egindako bidaien kontakizuna oraindik irakurri gabe daukat...

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide