Bizarra

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2021ko ira. 28a, 07:00

Gizakiok gero eta ile gutxiago dugula diote adituek: tximutik homo sapiensera, Neanderthaletik Cromagnoneko gizakira, eboluzioan aurrera joan garen heinean ilea galdu dugu, beharrik ere ez dugulako. Nire kasuan bi aukera daude: oso eboluzionatua nago –ez, inolaz ere ez–, edo oraindik amebatik ez naiz pasa ere egin –posibleago–, oso ile gutxiko pertsona naiz eta.

Bai, buru gainean ile asko dut, zuritzen doana, baina ugaria. Horrek ile gutxikoei adarra jotzeko aukera ematen dit. “Bai, bai, nahi duzuna, baina burusoil bat zara!”. Umekeria? Noski, baina halakoak ere behar dira noizbait. Kontua da buru gaineko ileen Amazonas sudur azpiko Gobiko desertua bihurtzen dela; ez zait bizarrik apenas ateratzen, tamalez eta zorionez. Tamalez, nik ere noizbait moderno itxuraz jantzi nahi izan nuelako; bizarra hazten saiatzen nintzen, erregutu eta dena egiten nuen, baina ateratzen zitzaizkidan lau ileak, gorriak gainera, bizarretik urrutik zeuden. Zorionez diot, baita ere, ez dudalako asko arduratu behar bizarra mozteaz. Biboteak goiko ezpainaren muga zeharkatzen duenean dakit bizarra mozteko ordua heldu dela. Lehen, horretarako, makinilla elektrikoa erabiltzen nuen, baina inboluzio batean aitzurretara pasa nintzen; ez, ordea, Eroskin aurki daitezkeen Gillette horietara; ez, itxuroso bat erosi nuen, auskalo zenbat bizar-orriekin. Itxurosoa bai, baina, nire kasuan, ez dago bizar mozketarik ebakirik gabe.

Arazoak betaurreko progresiboak jarri dizkidatenetik areagotu dira. Adinagatik, edo auskalo zer arrazoiengatik, ikusmena galdu dut, eta mota horretako betaurreko batzuk erosi behar izan ditut. Lehen urrutira ederki ikusten nuen –hurrera ez–, eta agurtu nahi ez nuen norbait urrutian ikusten banuen, denbora izaten nuen kalea gurutzatzeko; orain muturren aurrean aurkitzen dut, eta hor hasi behar irribarre faltsuekin-eta.

Betaurreko berriak erosi ditudan une honetan bertan biboteak goiko ezpainaren espazioa inbaditu du. Hor hasi da abentura! Xaboia jarri, aitzurra hartu... eta betaurreko berriekin ikusmena enfokatzeko buruhausteak. Lentearen goiko partetik begiratu, eta dena lauso. Behetik begiratu... eta zas!, lehen ebakia. Aldamenetik hobeto ikusiko ote da? zas!, bigarrena, eta hirugarrena handik pixka batera. Dedio! Honek Tarantinoren filma bat dirudi. Nola demontre enfokatzen ote de antiojo hauekin?

Azkenean, hala nola, lortu dut bizarraren eta bibotearen gehiena kentzea; dena ez, ebakiek aitzurra hortik pasatzea galarazi didate eta. Zorionez, hemendik aste batzuetara arte ez dut buruhauste hau berriro izango.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide