Adinean aurrera joateak pentsatzera eramaten zaitu. Ez hilezkortasunean, jainkoaren existentzian edo tunelaren amaieran ikusten den ustezko argi hori fluoreszente edo led modukoa izango den. Ez naiz horraino heltzen, nire zalantzak baditut ere. Nire terrenora eramanda (diskoak, liburuak, komikiak), pentsatzen jartzen naiz ea merezi duen horiek erosten jarraitzea, horien bildumak egiten joatea. Baldak bete ditut eta ez da kontua lurra, alfonbra, parketa..., liburu, disko eta komikiz betetako kaxez estaltzea. Erregalatutako edota erositako liburu asko irakurri gabe ditut oraindik; biltzen joan naizen disko asko ia ez ditut entzun ere egin, eta izango da baten bat oraindik plastikozko funda ireki gabe duena ere. Gainera, Karlos lagunak aspalditik nahi nuen The Minus 5en disko hori oparitzen badit –aurretik July zenarena izan zen eta horrek oraindik eta bereziagoa eta hunkigarriagoa egiten du erregaloa–, pentsa daiteke nahikoa dela, zirkulua itxi dela, eta dudanarekin nahikoa eta gehiegi dudala.
50 urte bete baditut, 35 bat urte daramatzat diskoak erosten –liburuak erosten oraindik gehiago–. Gurasoek umemoko bat nintzela erregalatu zidaten lehen singlea ere gordeta dut. Erositako disko asko oparitu egin ditut; beste asko saldu edo aldatu. Damututa, gero berriro erosi ditut horietako batzuk, baina, egia da ez dudala denbora askorik diskoak entzuteko, eta, adinagatik izango ote den-edo, gero eta interes gutxiago dudala talde edo estilo berriak entzuteko edota ezagutzeko. Diskoen prezioek ere izugarri egin dute gora azken hilabete hauetan, eta halako abenturatan sartu aurretik ondo pentsatu beharrean aurkitzen zara, derrepente, nahi gabe, ondo ordaindutako kaskarkeria batekin gera zaitezke eta. Agian diskoak erosteari utzi eta streamingeko plataformetan izena eman beharko dut, horrek tripako min galanta ematen badit ere.
Ai, lauarekin ez nituen zalantza ugari ekarri dizkit bostak.
Oharra: testu hau idatzi eta bost minutura Joseba Irazokiren eta Anariren azken diskoak eskatu dizkiot Irungo Bloody Mary diskoetxeko Juancarri. Beste bat ere gordeta nuen ordurako... Baina, beno, denok gara inkoherente samarrak.