Nekea

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko ots. 14a, 06:00

Pandemia alu honek denboran ere eragina izan duelakoan nago. Edo, behintzat, uneak, momentuak, pasarteak, denbora lerroan kokatzeko orduan zailtasunak jarri dizkigu. Edozein konbertsaziotan ekitaldi bat, kontzertu bat, noiz izan zen eztabaidatzean, beti dago norbait esaten duena –askotan ni neu– “Ez, hori ez da horrela, pentsa tartean pandemia izan dugula”.

Parentesi batean egongo bagina bezala dirudi. Kontua da parentesi hau ixterakoan, inoiz ixten bada, behintzat, ez garela itzuliko hasierako puntu hartara, 2020ko martxoaren erdialdera, alegia. Bestelako mundu batean jarraituko dugu. Ez dut esango nire bizitza askoz hobea zenik birusaren aurretik, baina pandemiak –barneratuta dugun hitz hau zientzia fikziozko film apokaliptikoetan bakarrik erabiliko nuen 2020ko martxoaren aurretik– goibeltasun geruza bat jarri digu gainean, eguzkiaren izpiak pasatzen uzten ez duen laino beltz perpetuo baten azpian izango bagina bezala.

Koronabirusa. 2020. urte haren aurretik ez nuen inoiz entzun edo irakurri hitz hori, eta nire ezjakintasunean lasai asko bizi nintzen; banituen beste arazo batzuk Wuhanetik etorritako birus ñimiño bati kasu egiten hasi gabe ere. Orain gure egunerokoan daude koronabirus, covid, txerto, antigeno, izurrite edota pandemia bezalako hitzak. Ezin egunkari bat zabaldu, ezin telebistako edo irratiko albistegi bat entzun ditxosozko hitz horiek entzun gabe. Eta bai, kazetaritzako gremioan egiten dut lan, eta gure ardura ere bada horien berri ematea. Baina nekatu egiten du, asko nekatzen du. Nire kasuan, apenas irakurtzen dudan egunkaririk, eta albistegiak ia ez ditut ikusi ere egiten. Lehen telebistan ikusten nituen debate politikoak jarraitzeari ere utzi diot. Egunerokotasunetik ihes egin nahi izaten dut, tabernako barrara hurreratuta batzuetan, disko, liburu eta pelikuletan murgilduta askotan.

Oraindik ere sufritzen ari garen garai beltz honek eragina izan du eta izango du gugan. Norbaitek pentsatuko balu gizarte bezala hobeak aterako garela laino beltza behingoz uxatzen dugunean, barkatu, baina oso oker dago; arratsaldeko zortzietako txaloak bukatu dira. Gizarte bezala okerragoa gara, marmartiagoa, mesfidantzaz betea; edozein teoria zoro, batekoa zein bestekoa, sinesteko gai garen gizartea sortu dugu. Auskalo nola, baina lehen friki batzuek sinesten zituzten konspirazio teoriak orain bolo-bolo dabiltza gizartean edo, behintzat, sare sozialetan, mundu paralelo kirasdun horretan. Eta hemengo honek ez du ezer ulertzen: nola Lurra laua dela? Nola txertoarekin aberats jendeak eta korporazioek gu kontrolatzeko txip bat sartuko digutela? Baina, baina, baina...

Amesgaizto hau hasi zela bi urte beteko dira datorren hilean. Esnatuko al gara inoiz? Eta hala bada, nola?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide