Etxeko gazteena naiz, eta ohikoa den bezala, anai-arreben musika entzuten hasi eta hezi nintzen. Musikaz ideiarik ez nuen, eta Oskorri eta Benito Lertxundiren diskoetatik at zegoen (ia) guztia entzuten jarri nintzen. Bai, halako gauzak entzuten nituen umemoko bat nintzenean. Ingalaterran ditugun lehengusuek bidalitako kasete haiek onerako harritu ninduten, baina etxeko disko bilduman zeuden disko batzuk eztarrian kateatuta geratu zitzaizkidan. Yes taldearen diskoak, adibidez, behin eta berriz saiatuta ere ezin nituen amaitu: kantak ez ziren inoiz hasten/bukatzen, luzeak baino luzeagoak ziren. Ikusten da ordurako Ramonesen jarraitzailea nintzela, New Yorkeko taldea oraindik ezagutzen ez banuen ere. Emadazue 2-3 minutuko abesti bat, eta gorde itzazue sinfonia horiek zuentzako. Yes? No!
Urteekin gustuak aldatzen joaten dira –batzuen kasuan inoiz ez, eta hor segitzen dute “betiko” musika entzuten–, eta gaztetan jasaten ez nuen hura onartzeko gai naiz... batzuetan. Bale, musika kubatarra ondo dago, eta Buena Vista Social Cluben grabatutako CD hura gastatu egin nuen bere garaian; bai, Black Sabbathen gauza batzuk gustatzen zaizkit, baina Guns n’ Roses zuentzat gorde, mesedez. Rock progresiboarekin, baina, ezin dut, eta hori lagun bat dudala musika estilo hori maite ez, gurtu egiten duena. Ez du, bada, esaten 1977tik hona ez dela musika onik egin? Nola segitzen dut berekin trago batzuk hartzen? Johnny Ramonek entzungo balu...
Gauza da, eta honek beste zutabe baterako eman dezake, azken urte hauetan Youtubeko kanal batzuk ikusten hasi naizela, bereziki ordu txikietan, lo egin ezin dudanean, eta horien artean rock progresiboaren eta heavyaren jarraitzailea den estatubatuar batena dago. Egunero ez dakit zenbat bideo igotzen dituen, eta denak bi estilo horien ingurukoak dira. Zer egiten dudan nik bideo horiek ikusten? Aurpegia zuritzeko-edo, esan dezaket ingelesez direla, eta hizkuntza zertxobait praktikatzeko balio didala; ulertu eta dena egiten dut... hizkuntza, ez haren gustuak. Denborarekin eta bideoetan agertzen den jende xelebreari esker, dagoeneko kapaza naiz atzemateko zein diren rock progresiboko diskorik onenak eta kaskarrenak; azken kategorizazio horretan erantzuna erraza da: guztiak!
Hau esanda, banoa Eelsen disko berria entzutera.