Reading

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko uzt. 22a, 08:00

Nik Readingera joan nahi nuen, jakin gabe non demontre zegoen ere. Garaiak desberdinak ziren: Google Mapsek ez zuen oraindik existitzen, eta etxean genuen atlas zaharrean ez zen azaldu ere egiten; nik ez nuen aurkitzen, behintzat. Baina joan nahi nuen, han egon nahi nuen, Readingen.

Rockdelux aldizkariaren erosle sutsua nintzen, urte edo hamarkada batzuk geraogo sutsu izateari utzi, eta handik denbora batera eroslea izateari ere utzi nion arte. Baina garai batean, aspaldi batean, gaur egun ditudan lankide batzuk oraindik jaio ere egin ez zirenean, aldizkaria aurretik atzera, atzetik aurrera irakurtzen nuen, eta erosi BEHAR nituen diskoen zerrendak egiten nituen. Hau da, aldizkarian agertzen ziren %90 inguru. Noski, gehienez hilean pare bat disko erosteko dirua izango nuen garai hartan, eta nire usteak sortu bezain pronto usteltzen ziren. 

Uda garaiko zenbakietan hemendik kanpo izaten ziren jaialdien berri ere ematen zuen aldizkariak. Hemen kasik ez zegoen musika festibalik, baina bai Bretainia Handian. Glastonbury, Reading, festibal kopuru handia zuten han goian, eta festibal horietako programazioa ikusita hemengo hau lerdea dariola egoten zen lagunei-eta esaten hara joan behar genuela, jakinda, ondo jakinda, aukera minimorik ere ez genuela.

Denborarekin joan naiz festibaletara. Errioxan egiten zen Serie Bra, Badalonan egin zuten El Pop Festivalera, hemen ingurukoetara, baina baita Benicassimekora, inoizko programazio onenetakoa izan zuenean. 25 bat urte pasatu dira ordutik eta oraindik ere gogoan ditut han entzundako taldeak, baita egiten zuen beroa, kanpineko baldintza itogarriak, izan nuen intsolazioa (konortea galdu eta kanpinera eraman ninduten), eta ezpainetako herpesarekin eta hankak puztu-puztu eginda bueltatu nintzela. Behin joan naiz eta James Bonden esaldiari jaramonik egin gabe –”inoiz ez esan inoiz”–, ez naiz bueltatuko.

Denborarekin festibaletara joateko gogo guztiak joan zaizkit; akaso musika jaialdi txikietara joango naiz, Andoainen antolatzen dutena kasu, baina inola ere ez dozenaka mila pertsona biltzen dituzten horietara. Ez daukat adinik ez gogorik hala ibiltzeko eta nahiago, askoz nahiago, kontzertuak aretoetan entzun, tabernako barra, gainera, metro gutxira duzunean (azken Primavera Sounden, Bartzelonan, zerbeza bat erosteko, garesti gainera, ordu erdi eta ordubete arteko ilarak egin behar izan zituztela jakitean festibal horretara joateko gogoak oraindik eta gehiago baretu ziren, munduko programaziorik onena izanda ere).

Nik Readingera joan nahi nuen. A zer mozoloa nintzen!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide