Hego-haizeak dakarrena

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2022ko urr. 10a, 06:00

Goizaldeko 03:30ak dira eta esna nago, izerditan, ohean botata. Bero egiten du, sekulako beroa, eta ezin dut lorik hartu.

Alde batera jarri orain, bestera minutu gutxira; izararekin estali gerriraino bada ere, izara kendu, berriro estali. Jaiki, komuneko buelta egin, basokada bat ur edan, izerdi gehiago bota, madarikatzen hasi beroagatik, balkoira irten aire pixka bat hartzera eta berehala bueltatu; batetik, jubilatu bat ematen dudalako goizaldeko ordu horietan balkoitik begira, eta airea beroa delako, bestetik. Hau beru / abuztuko gau hontan, abesten zuen J.C. Perezek. Ez da abuztua, iraila da, iraila infernuan. Beroaldi hauek ziklikoak omen direla diote batzuek. Bai, eta ni Aita Santua.

Auskalo zergatik Xirula denda etorri zait burura, oraindik diskoak saltzen zituen garaiko Xirula, eta disko bat bereziki: The Blow Monkeys talde britainiarraren disko bat, hain zuzen. Azala gogoratzen dut, baina ez izena –Interneten begiratu dut eta 1989an argitaratu zuen Choices zen, abesti ezagunen bilduma bat da–. Zergatik etorri zait disko hau burura? Jainkoak daki, erantzungo nuke, baina jainkorik ez da, ezta? Beno, ez da ez ordua, ez unea, ez lekua, digresio erlijioso-etiko-filosofiko hauetan hasteko. 

Bada, ez nintzen Xirulan disko asko erosten zuenetakoa. Denda Arranplan zegoenean anaiarentzat disko bat erostera sartu nintzen behin, bere urtebetetzea zelako… edo Gabonak izango ziren. Ez dakit. Beno, lehen asmoa diskoa kasetean grabatuta oparitzea zen –halakoak egiten zituzten garai hartan denda batzuetan, diskoa hartu, kasetean grabatu, eta kopia pirata saldu–, baina miserable moduan ez geratzeagatik, diskoa erosi nuen. Pink Floydek 1987an atera zuen A momentary lapse of reason zen. Bai, ni Pink Floyden disko bat erosten. Bai. 

Xirula Erribera kalera mugitu zenean bai, orduan disko batzuk erosi nituela gogoratzen dut. M-ak-en Barkatu ama, The Cure-n Disintegration… Metallicaren kasete bat ere eskuan izan nuen, erosi ez banuen ere. Bai, ni Metallicaren zerbait erostea pentsatzen. Bai. 

Eta han egon zen aurrez aipatutako disko hori denbora askoan, The Blow Monkeys taldearena, alegia. Sartzen nintzen bakoitzean egoten nintzen diskoari begira, erosi edo ez, jakin gabe zer zen ere. Garai hartan ez zegoen Internetik, ez Youtuberik, eta Spotify zer izango zen akaso asmatzailearen buruan egongo zen. Aldizkarietan agertzen ziren artikuluak eta kritikak erabiltzen genituen gida moduan erosi edo ez erosi erabakitzeko, baita ETBn behin eta berriz ematen zituzten bideoklipak ere, baina ez zen hau kasua. Gauza da ez nuela erosi, disko/azal/talde hura burmuineko tolesturen artean desegin zen, hego-haizeak berriro ekarri didan arte, 30 urte luzez, ahaztua izan ondoren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide