Baina goazen inporta duenaz hitz egitera. Orain hilabete inguru albiste honekin egin nuen topo sarean: Leonor printzesak ekitaldi instituzional bat utzi behar izan zuen ondo sentitzen ez zelako. Beste era batera esanda, tripabuelta bat izan zuen, eta jatetxe bateko komunera joan behar izan zuen kaka egitera. Denoi gertatu izan zaigu hori noizbait, ezta? Ba, hortxe geratuko zatekeen kontua, une hartan jatetxean zeuden guztiek ez baliete eskatu izan argazki bat komunetik atera berria zen Leonor gajoari eta haren aita Felipe IV.a Espainiako erregeari. Iraultzarik izan ezean egunen batean Espainiako erregina izango den Leonorren burutik zer pasatuko ote zen? "Jope, kaka egiteko beharra nuen, hemen sartu naiz saltaka batean, eta orain jende honekin argazki bat atera behar al dut?".
Eta bitxikeriak halaxe bukatu beharko zukeen, anekdota moduan, hedabideek albiste bihurtu izan ez balute. Hala egin zuen Asturiasko La Nueva España egunkariak. Onartuko didazue titularra gaztelaniaz jartzea, euskaratuta No-Do kutsua galtzen duelako: "La Princesa Leonor, un ejemplo de profesionalidad, según los médicos, que tuvo que parar en un conocido restaurante de Cudillero por su indisposición". Gelditu, hemen jaisten naiz eta.
Noski, halako albiste batek zalaparta galanta sortu zuen Twitterren. Batzuek grazia handiarekin egin zuten txantxa, eta hemengo mozolo honek ere algara bat baino gehiago egin zuen, nahiz eta, onar dezagun, gaiak grazia handirik ez duen. Baina motza naiz, eta egun bat geroago atera nuen gaia lagun artean, eta orduan ere ezin izan nion barreari eutsi.
"Ez zaitezte joan, gehiago dago eta!", zioen Super Ratonek. Lecturas aldizkariak azalera eraman zuen Leonorren tripabuelta: "Asturiasko ekitaldi bat utzi behar izan zuen Leonorrek ondo sentitzen ez zelako". Eta, hemen, barrea izoztu zait. Benetan hau aldizkari bateko azalera eramateko kontua da? Konspiranoikoa ere jarri naiz, eta pentsatu ere egin dut errepublikazale baten kontua izan zela, eta istorio hori azalera eramanda monarkiari kalte egin nahi ziola. Baita zera ere! Espainiako hedabideak hain losintxariak izan dira –eta dira oraindik– Espainiako monarkiarekin, edozer gauza argitaratzeko gai direla borboitar bat tartean dagoenean.
Banoa barrea eragingo didan zerbaiten bila, Louis de Funèsen film zahar bat bada ere.