Irunen izan zen. Edo Hondarribia izango zen oraindik? Bi herrien arteko muga hortxe-hortxe dago. Bada, kontua da Hondarribiko Psylocibenea aretora joan ginela kontzertu bat ikustera, eta sartu aurretik inguruko taberna batera joan ginela zerbait hartzera. Taberna aurrean armario bat zegoen eta barruan jendeak utzitako liburuak. Batzuk, filmetan behintzat, parke eta pasealekuetako aulkietan liburuak uzten dituzten bezala beste norbaitek aprobetxatzeko, han armario bat zuten gauza bera egiteko. Era nire horretan pentsatu nuen ea posible izango ote zen Zumaian halako zerbait egitea.
Bai, oraindik liburuak erosten dituen horietakoa naiz. Paperean, noski. Gailu elektronikoak probatu ditut, baina ez doaz nirekin: erregalatu zidatena denbora gutxira izorratu zitzaidan eta ez nuen ordezkorik bilatu. Maite dut irakurtzea, eta maite dut liburu-dendetara joatea hango apalategietan kuxkuxeatzera. Hiriren batera joaten banaiz bertako disko eta liburu-dendetara sartzen naiz, eta izan dira momentuak ulertzen ez dudan hizkuntzetan idatzitako liburu eta komikiak erosi izan ditudanak. Hori dena, noski, pilatu egiten da, eta Zuloagaren finka okupatzen duzu material hori guztia gordetzeko, edo libratzen joan behar duzu etxean sartu nahi baduzu, behintzat.
Duela gutxi, aste honetan bertan, etxeko armario bateko apalategi oso bat okupatzen zuten mendiko liburu handi bezain eder batzuez "libratzeko" nahikoa lan izan nuen. Tokia okupatzen zuten eta banituen nahikoa hautagai apal horiek betetzeko. Bada, mendiko liburuekin bezala, berdin gertatzen zait galbahe pertsonala pasa ez duten liburuekin; justu-justu bukatu ditudanekin (edo hori ere ez), eta gorde nahi ez ditudanekin. Bai, aukera dago Donostiako bigarren eskuko dendaren batera eramateko (akaso zentimoren bat edo emango dizute), edo Emausen doaintzaren bat egitea. Baina, ez al zen erosoa izango konfundituta/zazpi zerbeza edan ondoren erosi duzun Perez Reverteren liburu hori plazara/kalera eraman eta armario batean uztea beste norbaitek aprobetxatu dezan?
Hortxe bota dut harria. Bitartean, hemen segiko dugu paper artean bueltaka.