Sarrerak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2023ko ots. 20a, 16:12

Sarritan egin ohi dut. Hori hala da. Besteak hitz egiten ari diren une horretan, sakelakoa poltsikotik atera eta Whatsappean, sare sozialetan edota posta elektronikoko kontuetan kuxkuxean hasten naiz. Badakit, bai, edukazio falta galanta erakusten dudala hori eginda, baina zer nahi duzue egitea: nire jakituriaren berri besteei eman ezin badiet, ez naiz, bada, besteena entzuten egongo.

Besteak auskalo zertaz ari ziren horretan, sare sozialen bidez jakin nuen Arctic Monkeys talde britaniarrak kontzertu bakarra ez, bi emango dituela Madrilen datorren uztailean. Begiak piztu zitzaizkidan, eta ez zen edaten ari nintzen ardoarengatik. Banekien Bilbon jotzekoak direla, BBK Live jaialdian, baina festibal horretara joan baino nahiago dut dentistarengana joan.

Hala, Madrilera joateko plana buruan nuela, sarrera erosteko asmoz salmenta plataforman sartu nintzen. Lehen mezua: "16 sarrera besterik ez dira geratzen salgai hitzordu honetarako". "Ostias, ostias, banoa mugitzera". Aretoko mapan klik egin (WiZink Center, 15.000 lagun; ez da txikia, ez), eta lehen aukera Patagonia parean eman zidan, agertokitik urrutiena dagoen tribunan, 89 euroan. "Jode, ez da merkea!". Kontzertuak eserita ikustea ez dut gogoko, eta pistako aukera klikatu nuen: 151 euro sarrera bakoitza. Hortxe erabaki nuen uztailean, kontzertu horretara, behintzat, ez nintzela Madrilera joango.

Eta hor, sofan botata, eguerdian edandako bizpahiru zurien efektupean, kontzertuen prezioek izan duten gorakadaren inguruan pentsatzen jarri nintzen. Ez naiz dinosauroen arora joango esatera sarrerak lehen dezente merkeagoak zirela (beno, pixka bat bai; ikusi nuen ordainpeko lehen kontzertua, Sonic Youth estatubatuarrena, Txitxarron: 1.200 pezeta, 6 euro), baina egia berdaderoa da kontzertu batzuetara joatea luxuzko produktua bihurtu dela garai hauetan. Hala zioen Jon Pagola kazetariak jakin zuenean Norah Jonesek Jazzaldian emango duen kontzerturako sarreren prezioa 95 eurokoa zela. Garestitxo, ezta? Bada, ti-ta batean agortu ziren.

Diskoak saltzen ez diren garai honetan, paradoxikoa badirudi ere, gero eta jende gehiago joaten da kontzertuetara, jaialdi eta tamaina handikoetara, bereziki. Horren jakitun da musika industria, eta sarreren prezioa neurrigabe igotzea izan da erantzuna. Pentsa, hala ere, okerrera ere egin dezakeela. Estatu Batuetan iaz martxan jarritako salmenta sistema bat da horren adibide: Bruce Springsteenen birako kontzertuetan sarrerek ez zuten prezio finkorik, eta eskaeraren arabera aldatzen ziren; gorantz, noski. Bada, ez harritu joera hori hona ere heltzea egunen batean. Bitartean, klubetan eta areto txikietan ikusiko dugu elkar.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide