Korapilatsua

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2023ko api. 20a, 16:20

Harrigarria badirudi ere, futbol ametsak izan nituen nik ere. Baina beti nintzen azkena, aukeratzen zuten azkena, nire klaseko lagunek taldeak osatzen zituztenean". Hala dio Billy Bragg handiak The boy done good abestian. Ez, ez konfunditu: ez dut inoiz futbolean aritzeko gogorik izan; zerbait arrotza da futbola niretzako, beste ia kirol guztiak diren bezalaxe. Baina azkena izate horrek eraman nau pentsatzera otsailekoa izan zela azken Azkena, aldizkariko atal hartaz urte askotan arduratu ondoren. Aldizkariaren orduko formatua sortu zuenean, niri Azkena atala ematerakoan, zerbait esan nahi ote zuen Gorkak? Hobeto ez ur handitan sartzea…

Eta hantxe egon naiz, bada, goxo-goxo urte hauetan guztietan, nire lerdokeriak bata bestearen atzetik botatzen; diskoen, liburuen, kontzertuen inguruan hizketan, edo Google Mapsa behar bezala maneiatzeko ditudan zailtasunen inguruko azalpenak publikoki ematen, besteak beste.

Orain aurrera eraman naute, korapilo baten erdian sartu naute, eta ez dakit, bada, korapilo hori askatzeko gai izango naizen. Aurrean egote horrek atzean nengoenean sentitzen ez nuen ardura sorrarazten dit, egia esan. Hemen aurrean egonda, badirudi ondo idatzitako editorial jakintsu bat idatzi beharko nukeela, baina, ezagutzen nautenek badakite, bada, ezetz, ez naizela gai halako kaka-nahasteetan sartzeko, eta editorializatzeko apustua egingo banu, hanka sartuko nukeela golkoraino; korapiloa askatu beharrean, oraindik eta gehiago estutuko nuke. Gainera, izenabizenen alboan doan argazkia ere aldatu beharko nuke horretarako, ez da eta serioa Iñaki Gabilondoren moduan aritzea Prince-ren disko batek eta betaurreko beltzek aurpegi zati handi bat estaltzen didatenean. Kontxo, nik Petti, Irazoki, Lenoir eta Berako kuadrillaren inguruko zerbait idatzi nahi nuen –zer ote darama hango urak herri txiki hartatik halako musikari puskak ateratzeko–, baina horretarako han atzean, iragarleen alboan erosoago sentituko nintzateke. Keba, orain aurrera eraman naute; ez dakit aldizkariko branka ote den hau –Beduolako lagunek hobeto jakingo dute hori–, baina branka ez bada, akaso bronkaren bat muntatuko dut atal honetan nagoela aprobetxatuta.

Zorionez zuentzako, eta niretzako –ez dezagun gezurrik esan, bekatua da eta–, beste iritzigile gehiago izango dira hemendik aurrera, eta haiek ere ariko dira beraien korapilo propioak askatzen. Orduan, zuen baimenarekin, aurrera eraman banaute ere, nire kontuekin jarraituko dut atzean egongo banitz bezala: inork esplikatuko ote dit zer duen Berako urak halako talentu pila sortzeko?

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide