Trena berriz. Antzerako bagoia. Noranzko bera. Bi eserleku atzerako, hirukotea berriketan, pozik, bazkalondoko tertulia bizian. Derrepentean, kantua: "Txiki, txiki, txikia / ikusten naiz kalean / handitzen, handitzen / hasi naiz handitzen / txikia izanik asko / maite zaitut nik". Kantuak aurrera egin ahala, estrofa bat bestearen atzetik kantatuta, bolumena handitzen doa, Imanol Urbietaren hitzak ozenki esanaz, esan ozenki, oihuka, aldamenekoa gor utziz. Begirada atzera. Ez zaie axola. Kantuan jarraitzen dute, metatik hurbil, meta zein den beste inork ez dakiela, gustura... haiek.
Beste garraiobide bat, autobusa. Ondoan sakelako bidez konbertsazio amaigabean murgildutako laguna. Aparailua, baina, ez darama belarrira itsatsita; walkie talkie moduan darama eta bozgorailuari esker bidaiariarenak bakarrik ez, telefono linearen bestaldean dagoenaren hitzak ere denok entzungai; haren ondoan, atzean edo aurrean doazen guztiek entzuteko moduan bien, edo bakarraren, lan arazoak/erromantzeak/aurrezki kutxarekin izandako arazoak. Zeuk aukeratu gaia. Eta leihoaren bestaldean autobide grisa, ziztu bizian doazen eta helmugara busa baino lehen helduko diren autoek zeharkatuta.
Tabernako mikrokosmosean ohikoa den espeziea: ahozabala. Ni, ni, ni, ni. Barran ukondoak jarrita hizketan, atsedenik hartu gabe. Ni, ni, ni, ni. Ni naiz onena. Non? Zertan? Denean. Ni, ni, ni, ni. Musikaren bolumena igota ere ez dago bakarrizketa hutsalaz libratzeko aukerarik. Ni, ni, ni, ni. Alhoholak eta bestelako sustantziek elikatutako monologo amaigabea: onena naiz, zu baino hobea, denean, ez ezazu zalantzarik izan. Garagardoaren erdia trago batean. Ni, ni, ni, ni. Bigarrena hurrengoan. Usain Boltek ere ez halako abiada tabernako atera bidean. Ni, ni, ni, ni.
Etxera heldu eta gogorik ez musikarik jartzeko, ez telebistarik ikusteko, ez ezertarako. Isiltasunaren beharra, burmuina oxigenatu eta pilatutako soinuak, errefusa, zalantzarik gabe, neuronen arteko edukiontzira bidaltzeko premia. Depeche Mode taldeak bere abesti onenetako batean gomendatzen duen bezala, Enjoy the silence, gozatu isiltasunaz.