Otsailean aterako den idatzi honek, berez, urtarrilean atera beharko zukeen, baina atal honetako egile izateko nire txanda ez zenez, ez nuen inor presionatu. Ez pentsa, agian datorren urteko urtarrilerako ere balioko du. Inor ez bada konturatzen, berriro aurkeztuko dut testu bera, bere garaian, Donostiako egunkari baterako lan egiten nuen urte haietan, inauterietako programarekin egiten nuen bezalaxe. Han ez ziren horretaz konturatu, akaso euskaraz idatzita zegoelako.
Duela aste batzuk egunkariren batean (ez Donostiako hartan) irakurri nuen garrantzitsua zela urte berrirako helburuak jartzea, nahiz eta gero ez bete. Ez nuen artikuluarekin jarraitu, ordainpekoa zelako eta dudan diru apurra beharrezkoak ez ditudan beste kontu batzuetan gastatzeko sekulako abilezia dudalako.
Noiz edo noiz urte berrirako helburuak jarri ditut, nahiz eta ondo jakin beteko ez nituela. Inongo damurik gabe, gainera. Aurten bai, aurten erronka batzuk betetzeko borondatea nuen. Hobeto jan, gehiago ibili eta alkohol gutxiago edan. Ni osasuntsu bat bilakatzea, alegia. Lehen biak betetzen ari naizela esango nuke (ez zen zaila!); hirugarrena, aldiz, hasi eta gutxira hautsi nuen. Egia esan, konbentzimendu handiarekin ez nuen hasi. Ez dut inor engainatuko: Errege egunean eguerdi partean hartutako hiruzpalau garagardok eta bazkaritan edandako ardoak eragindako buruko minak eraman ninduen alkohol kontsumoa gutxitzeko helburua jartzera. Erresuma Batuan Dry January (urtarril lehorra) deitzen dioten asmoa dute; hilabete osoan alkoholdun edaririk ez hartzean datza. Nirea, Sebas lagunari esan nion bezala, Almost Dry January izango zen, ia urtarril lehorra, dagoeneko hilaren bosten bat igarota zegoelako eta ordurako Ricard bat edo beste hartuta nituelako.
Eta halaxe joan ziren astelehen arratsaldea, asteartea eta asteazkena. Txintxo-txintxo, garbi-garbi. Osteguna ere bide onetik zihoan, baina zine forumetik ateratzean okurritu zitzaidan pare bat pintxo-pote hartzea.
-Atera iezadazu kroketa bat, mesedez.
-Eta edateko?
-Ardo beltza, kriantza.
Ez nintzen ez konturatu hor zihoala pikutara nire urte berriko asmoetako bat, ezta horretaz ohartu ere ostiralean lagunekin garagardo batzuk hartu nituenean. Igandean Sebasek gogorarazi zidan, non bestela, tabernan.
-Ez al zinen ari Dry January egiten?
-Ostras!
Hirugarren egunerako asmoa pikutara. Beno, hurrengo urtean berriro saiatu beharko. Orduan seguru beteko dudala.