Musikaz betetako oroigarriak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet

Glasgowko Monorail Records disko dendako lantaldea. (loverecordstores.com)

Maiatzeko Zumaia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. 


Beste batzuek postalak, zeramikazko platerak, flamenko dantzarien irudiak edo hozkailuan jartzeko imanak erosten dituzten bezala, diskoak erosten ditut nik kanpora joaten naizenean. Sakelakoarekin ateratako argazkiekin batera, haiek izaten dira oporretan kanpoan egon naizela gogoratzeko erabiltzen ditudan oroigarriak: single hauek Granadan erosi nituen, CD horiek Istanbulen, eta horko LPak Londresen. Argi geratzen da ohikotasuneko zaletasunak edo, hobe esanda, bizioak, bere horretan jarraitzen duela turistaz janzten naizenean ere. 

Ez dut turismoa asko praktikatzen. Hori hala da. Gaztetan gehiago joaten nintzen kanpora; orain ez hainbeste. Nagikeriagatik izan daiteke, artaldeko kide izan nahi ez dudalako, edo sofan botata paretari begira mundu desberdinak irudikatu ditzakedalako. Dena dela ere, joaten naizen lekuetan –turismo hiritarra dut gogoko; mendiak eta hondartzak aspertzen naute– disko dendarik ba ote den begiratzen dut aurretik. Ordenagailu aurrean jarri, Google Maps ireki, eta egonaldia egingo dudan lekutik ea hurbil dauden ikertzen dut. Eta ez, ez dut hutsik egiten, horretarako hiri osoa zeharkatu behar badut ere. 

Gozamena da niretzako disko dendetan sartzea. Txikiak ditut gogoko; denda handiek mareatu egiten naute –liburu-denda handiekin antzera gertatzen zait–; produktu gehiegi izaten da gauza onerako. Atea zabaldu eta gutxira nabaritzen dut han ere erosketa txartela atera beharko dudala, baita gero komeriak izango ditudala tramankulu horiek guztiak etxera ekartzeko eta apaletan lekua egiteko ere.

Bidaiatzeko erabiltzen dudan garraiobidearen arabera erosten ditut mota bateko edo besteko diskoak. Autobusez, trenez edo autoz banoa, LP poltsakada handi batekin itzuliko naiz; hegazkinez bada, single edo CD batzuekin. Ez dut maletarik erabiltzen; motxila batekin bidaiatzen dut, eta han ez zaizkit disko handiak sartzen. Horregatik, single txikiak erosten ditut. 

Pasa den Aste Santuan Eskoziara joan ginen Kabiko barran ezagututako lagun taldea, eta behin Glasgown, Evelio lagunak disko denda batera eraman ninduen. Ordurako hitz eginda genuen bidaiko beste partaide baten maleta "modu komunitarioan" erabiliko genuela. Hau da, bere maletan sartuko genituela erositako diskoak. "Hauek guztiak sartzen al zaizkizu?", izan zen egin genion galdera bataren eta bestearen diskoak pilatuta. Eta bai, etxeratu ziren, eta hau idazten dudan momentuan jarrita daukat haietako bat. Ez, oroigarri bezala ez dut eskoziar gona daraman gaiteroaren irudirik izango apalean, baina baditut 12 Kings Courteko Monorail Music dendan erositako diskoak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide