Laugarren zerbeza (edo bosgarrena ote zen?) eskutan genuela, Andres lagunak sakelakoa atera eta bere disko bilduma nola antolatzen zuen erakutsi zidan. Webgune bat erakutsi zidan. Nik web orri hura erabili izan dut diskoak erosteko, baina ez nekien norberaren bilduma katalogatzeka erabilgarria zenik.
Hurrengo egunean, igande arratsaldean, bazkalduta eta Ricardaren lurrinek lausotutako filma bat ikusi ondoren, aplikazioa jaistea otu zitzaidan (bigarrengoan, lehenengoan okerreko app-a jaitsi nuen) nire Diogenes sindrome musikalari, nire plastikozko Amazonas iraganezinari, nire kaos ordenatuari, konponbide bat emateko asmoz (diskoak gordetzeko espazio fisikoa eskainiko balu, gustura jaitsiko nuke ordainpeko aplikazioa). Izan ere, gertatu izan zait disko denda batera joan, disko bat eskutan izan eta erosteko zalantzak izatea akaso aurretik eskuratu izan dudalako. Edo diskoa erostea gero, etxerakoan, konturatzeko aurrez erosita nuela. Nire buru nekatuko neuronek ez dute hainbesterako ematen.
Han jarri nintzen, poz pozik, diskoak eskutan hartu eta haren erreferentzia webgunean aurkitzen, gero hark eskaintzen duen bilduma moduko txokora gehitzeko. Lurrean eta fruta kaxatan pilatutakoak sartu nituen bilduma digitalean, baita CD, single eta bilduma-kaxak ere. Poliki-poliki, banan-banan. Batzuek errazak ziren katalogatzen, besteak ez hainbeste. Igande arratsaldea hala pasatu nuen, gustura, musika entzuten eta tentazioari eusten: beste zerbeza bat? Vade retro, Satanas!
Erositako azkenekoekin hasi nintzen, eta batzuekin zalantzak ere izan nituen: webguneak galbahe bat egiteko aukera ematen dizu, eta formatua eta diskoetxea aukeratu dezakezu. Baina, disko beraren urte bereko, erreferentzia bereko eta binilo kolore bereko bizpahiru aukera agertzen badira, nola jakin zein den zurea?
Eta jarduera lasaigarria izanda ere, begiradek baldetako goian, eskuinaldean, dagoen espazioa saihesten zuten. Han ditut klasikoak, Dylanen, Ry Cooderren, Johnny Cashen, The Beatlesen edo The Doorsen diskoak. Hor hasiko zen drama. Bob Dylanen disko bakar baten 392 erreferentzia badaude, nola jakin zein den zurea? The Doorsen lehen diskoaren 525 bertsio badaude, jakin ezazu erosi zenuen hura zein zen. Eta, bai, hala da, The Beatlesen Sgt. Pepper's-en 1.500 bertsiotik gora izanda, hasi zaite zurea zerrenda luze eta amaigabe hartan aurkitzen. Eta halaxe joan zaizkit egunak, asteak. Lanak eginda, dagoeneko prest nago bilduma handitzen joateko.