Irakurketari adio?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 18a

Kateatutako liburua.

Iraileko Zumaia Guka aldizkariko Korapiloa atalerako idatzitako iritzi artikulua. 

Txikitatik maite izan dut irakurtzea. Etxean liburu mordoa genuen, eta akaso horregatik piztuko zitzaidan irakurzaletasuna. Ez nintzen kalera ateratzekoa, ez beste haurrekin jolas egitekoa; nahiago nuen sofan bota, libururen bat zabaldu eta haren orrietan barrena beste mundu batzuk bisitatu, detektibe ausarta bihurtu edo, garai batean gertatu zitzaidan bezala, El Coyote-ren abenturak bata bestearen atzetik irakurri. Donostian, Artzain Onaren katedralaren alboan zegoen liburudenda zahar batean deskubritu nituen azken liburu haiek, eta behin eta berriro hurreratzen nintzen ale berriren bat bazegoen begiratzera. Dendako andrea martirizatuko nuen nire eskakizunekin. 

Gaztaroan liburu bat edo bi irakurtzen nituen astean; eskolakoak ez, haiek poltsa barruan jarraitzen zuten hurrengo goiza heldu eta berriro eskolara itzultzeko zain. Urteekin, irakurketa erritmoa jaisten joan zitzaidan, baina beti mantendu nuen liburu bat eskuetan hartzeko ohitura.

Aurten, udaberri eta uda artean, ordea, erritmoa jaitsi ez, ia gelditu egin zitzaidan. Lan gehiegi, ardura gehiegi; irakurri baino nahiago nuen streamingeko plataformetan aurki nezakeen film txepelen bat ikustea, edo kalera ateratzea zerbezaren bat edo bi hartzera. Irakurzaletasuna bidean galdu ote nuen ere burutik pasatu zitzaidan. 

Aukeratutako liburuek ere zer ikusia izan zezaketen. Bat edo beste izan ezik, azkenaldiko aukeraketak erdipurdikoak izan ziren, eta abiada batean irakurri baino, arrastaka eramaten ninduten beraien mundura. Hor nire beste ohitura batekin egiten nuen topo: hasitako liburuak bukatzea, ez alde batera uztea, harrikoskorra baino gogorragoak izanda, ezer ulertzen ez banuen ere. Azkenaldian bat edo beste utzi izan dut alde batera, baina kostata.

Uztail osoa, edo zati handi bat, behintzat, liburu bakarrarekin egon nintzen. Ez nuen konbentzimendu handiarekin erosi; liburudendan intereseko beste ezer aurkitu ez nuelako eraman nuen etxera. Dedio, hori sufrimendua! Gaztaroan agian gustukoa izango nukeen, baina zahartzarotik gero eta hurbilago nagoen honetan terrorezko kontuak ez ditut hain gogoko (Hau idazterako orduan aurrean dut eta konturatu naiz hiruzpalau astetan 107. orritik ez naizela pasa). Nahiago nuen beste edozer gauza egin liburu hura irakurtzen hasi baino. Irakurzaletasunari adio esan ote nion? Mahai gainean utzi nuen, hurre hala ere, eta irakurtzen ari nintzen beste bat hartu nuen. Aizu, egun bakarrean bestean irakurrita nituen adina orri irakurri nituen. Salbatuta nengoen! Polizia eta lapurren istorio batek atera ninduen martirio hartatik. Kontakizun honek irakaspenik eskaintzen al du? Baita zera ere! Hurrengoan berdin-berdin erosiko dut aspertuko edo nazkatuko nauen beste libururen bat. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide