Gertakizunen aroa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 24a

ETS BEC-en.

2025eko abenduko Zumaia Guka aldizkariko Korapiloa atalerako Juan Luis Romatetek idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Duela urte batzuk aski ezaguna egin zen Berri Txarrak hirukoteak Nantes (Bretainia) hirian eman zuen kontzertua. Entzule bakarra inguratu omen zen aretora. Emanaldia bertan behera utzi beharrean, hitzorduarekin aurrera egitea erabaki zuen Gorka Urbizu buru zuen taldeak. Ez hori bakarrik, "dena eman" zutela diote orduko kronikek. Euskalduna omen zen kontzertu hartara hurreratu zen entzule bakar hura. Hala izango zen. Baina, ez zen ba, etxera bidean, parranda pixka bat luzatu nahian, aretora Ricard bat hartzera sartu zen pertsonaren bat izango? Imajina dezakezue ustezko entzule haren penitentzia? Trago bat hartzera sartu eta kontzertu oso bat entzun behar izatea, denak –musikariak, teknikariak, aretoko jendea, zerbitzariak– berari begira zituelako? "Atera beste Ricard bat, mesedez", esango zuen, jabetuta etxerakoan errieta jasoko zuela berandu heltzeagatik. 

Bada, agian oker egongo naiz, baina irudika ditzaket antzerako irudiak Willis Drummondek, Sofak edo Bulegok Japonian zehar egindako biretan. Beno, nork daki, akaso milaka jarraitzaile izango dituzte Asia urrunean. Nor naiz ni mesfidatia izateko?  

Garbi dagoena da paradigma asko aldatu dela euskal musikan azken urteotan. Lehen pertsona bakarraren aurrean jotzea la ostia zen bezala, orain sei San Mames betetzen ez badituzu porrot baten aurrean zaudela pentsa dezakezu. Musika eszena noiz eta nola aldatu den ez dakit, baina ausartzen naiz esatera Berri Txarraken amaierako bira izan zela orain bizi dugun gigantismoaren abiapuntua. Zenbat iraun zuen agurreko bira hark? Zenbat jende mugitu zuen? Zer aretotaraino heldu zen? Zer-nolako urduritasunak eta katarsiak eragin zituen? 

Gerora etorri dira ETS, Esne Beltza edo Izaroren BECak, Huntzaren Miribilla edota Fermin Muguruzaren Anoeta. Eta, zer esanik ez, Zetaken Nafarroa Arenak, Illunbeak edo datorren urteko San Mamesa. Nondik agertuko zaigu oraingoan Reparaz (edo Ethan Hunt) jauna? Satelite batetik? Dena da handia, koloretsua, zaratatsua, jendetsua, hipertrofiatua. Kontzertuak baino gertakizun bihurtu dituzte, makrojaialdien gisan, pantailen bidez jarraitu behar direnak. Eta bizpahiru urteko umearekin bazoaz, hobe.

Eta ez, alternatiba bezala ez naiz hasiko gaztetxeetako kontzertuak goraipatzen, batez ere, mende erdia ondo igarota, ez dudalako nire burua leku horietan ikusten. Hala ere, futbol estadio batean hamarnaka mila pertsonaren artean egon baino, uste dut hobeto egongo nintzatekeela Nanteseko areto hartan, etxera bidean ateak gurutzatu zituen parrandero harekin, Ricard bat partekatzen, zaratarekin, eta frantsesarekin dudan gaitasun ezarekin, elkar ulertuko ez genukeen arren.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide