Behin, Tenerifeko La Laguna hiriko alde zaharrean pasieran nenbilela, taberna baten ondotik pasatu nintzen. Kartel bat zuen kanpoaldean, Dorada garagardo markarena, eta gainean, eskuz idatzita, "Kañak euro batean". Terrazako mahai batean eseri nintzen, eta zerbitzariari kartelean agertzen zen kaña haietako bat ateratzeko eskatu nion. Mahai gainean utzitako garagardoa ahora eraman eta edariak dastamen papilak ukitu zituenerako ohartu nintzen akats handi bat egin nuela: garagardo hura ez zen Dorada markakoa, Cruzcampo markakoa zen, gizakiak sortu duen edabe toxikoenetakoa, alegia. Zerbitzariari esan nion engainatu egin nindutela, ateratako edaria ez zela kartelean agindutakoa. Auskalo zer pentsatuko zuen langile hark etengabe kexaka ari zen penintsular harengatik. Banuen jaiki eta alde egitea, baina egoskorra naizenez, osoa edan nuen, horretarako ordu erdi luzea behar izan banuen ere.
Ez dut gogoan noiz bihurtu nintzen garagardoen sibarita, nolabait esatearren. Aitak gaztetan eman zidan gaseosadun garagardo bat izan zen probatu nuen lehena. Etxean izan zen, eta hain nintzen txepela, ezen edalontziarekin sukaldeko harraskara joan bainintzen, botaka egiten baldin banuen ere. Gero, nire belaunaldiko asko bezala, San Miguel markakoak edaten hazi eta hezi nintzen, eta zerbait "hobea" nahi genuenean Heineken bat eskatzen genuen. Garagardo bat bi edalontzitan, edo bi hirutan eskatzen genituenen belaunaldikoa naiz; beste batzuetan zuritoak edaten genituen. Taberna gehienetan ez zen besterik egoten, akaso Keler markako garagardoa izango zuten, bezero batzuek espreski zerbeza marka hura eskatzen zutelako. Gerora hasi ziren agertzen belgikar jatorrizko garagardoak, baita Guinness irlandarra ere. Zarauzko Garagardo Azoka paradisu bihurtzen zen urte haietan, askotariko zerbeza motak edateko aukera izaten genuelako.
Orduko egoerak gaurkoarekin apenas du antzekotasunik. San Miguelek Zumaian duela hiru hamarkada zuen (ia) monopolioa hautsita da dagoeneko, eta beste marka batzuk nagusitu dira herriko tabernetan. Horiei guztiei artisau estiloko garagardoak gehitu behar zaizkie, horietatik batzuk Euskal Herrian (Zumaian bertan barne) ekoiztutakoak. IPA, IPA bikoitza, hirukoitza, Hazy IPA, Stout... Zuk nahi duzuna eta gehiago. Onartu behar dut kostatu egin zitzaidala IPA garagardoetara ohitzea. Lehen aldiz probatu nuenean, ez nuen batere gogoko izan. Denborarekin gustatuz joan zaizkit, eta horien dastatze saioetan parte hartu izan dut poz-pozik. Hori bai, prestatu diru zorroa, ohiko garagardoekin alderatuta garestiagoak direlako. Eta ez gara asko kexatuko, Zumaian kaña batengatik ordaintzen dugunaren trukean Donostian zurito bat aterako dizute eta.
Tabernetara sartzerakoan badut errutina bat: iturriko zer garagardo duten begiratzen dut. San Miguel edo antzerakoren bat baldin badute, zuzenean galdetzen dut botilan zer duten. Sartu naizen tabernan Cruzcampo barrikako garagardoa baldin badute, ez diet tabernariei ongietorria emateko denborarik eskainiko; ihes egingo dut.
Esnob bat naizela? Ba bai, hala izango naiz.