'Bereterretxe' + Londres: Benitori omenaldi txiki bat

2008. eta 2010. urte bitartean Londresen egon nintzen bizitzen eta bertan Quadron Company izeneko parke-mantenimendua egiten zuen enpresan hamar hilabetez egin nuen lan, Burgess Parken eta Camberwell New Cementeryn. Lehenengo lau hilabeteak aldi baterako laneko enpresa baten bitartez egon nintzen lanean, eta ondorengo seiak enpresarekin zuzenean sinatutako kontratupean.

Oso erraz lortu nuen lana eta lehendik belarra mozteko sasi-garbitzeko makinarekin ohituta nengoenez, eta nahiz eta ingeles makarronikoa nuen, gustura ibili nintzen, lan taldearekin ondo. 

Egun batean, hor ari nintzen Burgess Parkean, Albany Roadera ematen duen aldean, errepidetik oso gertu, hesi bat tartean zela, bakar-bakarrik hesi ondoko belarra mozten, aurikularrak eta kareta jarrita eta makinarekin dale fuego. Normalean kantari edo txistuka ibiltzen nintzen eta gogoan dut El patio de mi recreo eta Bereterretxe nituela egun horietan bueltaka. Kontua da, hauetako batean, melodiarekin ari nintzela –Bereterretxerekin–  nire lanean konzentratuta, han non entzuten dudan EEEE! ozen bat gertu. Burua altza, eta ezin nuen sinetsi ikusi nuena: bi pisuko autobus bat geldirik aurreko kristala txiki–txiki eginda, bidaiariak hesiaren kontrako espaloi gainean eta, noski, txoferra ere. Itxura denez, harri txintxor bat edo joko nuen pitarekin eta honek autobusaren kristala txikitu zuen. 

Eskerrak hasierako kontua izan zen eta artean enpresarekin kontratu zuzenik ez nuen, bestela neuk ordaindu beharko nuen... Horrela ba, nire doinuetako bat BERETERRETXE!

Portzierto, merezi du kanta nondik datorren arakatzea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide