Plana egiterakoan, gehienetan ni izaten naiz Paseando a Miss Daisyko Morgan Freeman eta nire laguna Maggie, kasu honetan Majo Smith; alegia, txoferra, pelikula eskuratzen duena, ni izaten naiz. Aitortu behar dut sekula ez dudala kexarik izan. Hori ere horrela da, bai. Besterik ez nuen falta!
Aurreko igandean Retrato de una mujer en llamas ikusi genuen; nik lehendik ere ikusita nuen. Pelikulan ematen diren elkarrizketak mundialak iruditzen zaizkit; nire ustez oso joko interesgarria eman dezakete, bai elkarrizketek, baita ere sortzen diren egoerek ere. Momentu batean, filmaren bukaera aldera, elkarren artean zerbait fuertea sentitu duten protagonistetako biren –protagonista gehiago ere badaude– elkarrizketa azpimarratuko nuke bereziki: baten kasuan, haren amak egin du berarentzako plana, eta amak agindutakoa betetzen ari da, nahiz eta esan dezakeen ezetz. Beste protagonistaren kasuan, bere ohiko bizimodura bueltatuko dela suposatzen da. Kontua da ez direla ausartzen “bizi gaitezen elkarrekin” esatera. Bitako nork esan behar du? Askoz mami gehiago dauka eszenak. Nik, filma lagunarekin ikusten ari nintzela, eta berari begira nengoen momentu batean, honako hau pentsatu nuen: “Ez ote diak esango ia noiz jarriko gaituken elkarrekin bizitzen!” Akaso berak ere gauza bera pentsatuko zuen… jaja.
Kontua da inguruko bat baino gehiago ezagutzen ditudala, kasualitateak edo eramanda, lehendik elkarren arteko harreman ona izanda, noski, elkarrekin bizitzen jarri direnak. Baina, nork atera gaia?
To! Ondo izan.