Burugogorkeria

Erabiltzailearen aurpegia Julen Aperribai 2018ko eka. 25a, 18:38

Sortzailea, publikoa eta antolatzailea. Edozein kultur ekitalditan ezinbestekoak izan ohi dira hirurak, baina lan banaketa ez da beti hain garbia izaten. Ez, behintzat, espazio autogestionatuetan, eta horietako jarduera kultural nagusiak diren kontzertuetan, sortzailea bera izaten baita, askotan, antolatzailea, eta antolatzailea, aldi berean, publikoaren parte.

Kontzertua antolatzeak berekin dakartzan lanez gain, kontzertuaren arrakastaren edo arrakasta ezaren gaineko erantzukizuna hartu ohi du antolatzaileak, eta arrakasta hori, normalean, bildutako jende kopuruaren araberakoa izaten da. Horixe izaten da kezka iturri nagusia, taldeak taularatzeko ordua gerturatu ahala areagotzen dena, eta kezka frustrazio bihurtzen da, egindako ahaleginak publikoarengandik esperotako erantzunik jasotzen ez duenean. Luzaroan izan da presente kezka hori gure Gaztetxean, eta, kontzertuek espero adina jende erakarri ez dutenetan, horretarako hamaika arrazoi posible aztertu izan dira: ordu berean herrian beste ekitaldi bat programatu izana, kartela behar bezala zabaldu ez izana, Netflix-eko modako telesailaren kapitulu berriaren estreinaldia… Egungo garaiak ez du zerikusi handirik garai bateko gazte orain ez hain gazteek nostalgiaz gogoratzen dutenarekin: “Gure garaian, herrian kontzertu bat bazen, herri guztia han izaten zen”. Antza, bestelakoa da “gure garaia”, eta, ardura ukatu gabe, izango dute eraginik horretan kultur erreferente berriek eta zuzeneko emanaldietako publikoaren zahartze orokorrak, besteak beste.

Edonola ere, aurtengo negu luzea urteetako oparoena izan da kontzertu aldetik Gaztetxean. Ia 50 musikari edo talde igo dira Gaztetxeko oholtzara, iazko irailetik hona, eta zenbait taldek Zumaian jo zezaten lan egin duten burugogor gutxi batzuen lanari zor zaio, hein handi batean, gorakada, baina baita kontzertura jende gutxi hurbildutakoan burugogor horiek etsipenean ez erortzeari ere.

Izan ere, arrakasta neurtzeko modua aldatu izanak, edo arrakastari hainbeste erreparatu ez izanak ahalbidetu du, esaterako, edozein igande, astearte edo ostegunetan biran dabilen talderen baten bisita jasotzea Gaztetxean, aste barrua izanik jende gutxi etorriko den beldurrik gabe. Eta, bestalde, hedabide gehienetan eta zirkuitu komertzialean lekurik ez duten doinuez gozatzeko espazio gisa are gehiago sendotu da Gaztetxea. Eskerrak burugogorrei!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide