Umeen marrazkiak eta gantxiloa ere bai?

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko eka. 15a, 17:40

Errematea izan da gaurkoa: umeek margotutako panela eta hainbaten artean jositako gantxilo-lana ere kendu egin dituzte gaur goizean, udal-gobernuak hala aginduta.

Arratsalde zoragarria izan zen larunbatekoa. Dozenaka lagun elkartuta, nor bere trebetasun eta zaletasunetan, denok ere kalea bizitzeko gogoz. Erribera kalean murala, Jonerekin kantuak eta trikitilarien alaitasuna; eta Amaiako Plazan Uralita taldea eta propio elkartutako lagunak rock-musikarekin gozatuz, eta han-hemenka sorkuntza-txokoak: serigrafiakoa, libre margotzeko panela, eta gantxiloa eta puntua egitekoa.

Zoragarria izan zen kalean horrelako lanetan jardutea, eta zoragarria izan zen lan horiekin gero kaleak apaintzea. Skate parkeko horma erraldoian jarri genuen ume nahiz helduek libre margotutako panel koloretsua, eta Beheko Plazako farol biluzi bati jantzi genion denon artean jositako "bufanda".

Biak kendu dituzte gaur goizean, eta kosta egiten da ulertzea, onartzea, esplikatzea horren zergatia. Zeren eta garbi dago benetako arrazoia ez dela garbitasuna, ez elkarbizitza, ez herritar guztienganako errespetua… Kasketa, egoskorkeria, agintekeria edo zer den, zuek esango duzue.

Gustura eta elkarrenganako benetako errespetuz bizi daitekeen herri bat nahi dugulako elkartu ginen larunbatean dozenaka lagun, eta arratsalde pasa polita egin genuen elkarrekin. Bide batez, eskerrik asko parte hartu zenuten guztioi, eta zorionak ere bai, han gertatutakoak erakusten duelako denak norberaren arrastora behartzea baino askoz emankorragoa dela denei lekua uzten dien bidea urratzea.

Udal-gobernuko kideok ere oraindik garaiz zabiltzate bide horretara hurbiltzeko, debeku hura bai ala bai ezartzeagatik sortzen ari zareten gurpil zoro eta zentzugabe hau behingoz eteteko.

Zuoi guztioi, berriz, zorionak eta eskerrik asko:

– Arantza, Iñaki, Lorea, Maite eta Alex, trikitiarekin lagundu eta alaitzeagatik.

– Jone, zure gitarrarekin etorri eta hain kantu ederrak abesteagatik.

– Maddalen eta Maialen, azken momentuan gaixotu arren prestasuna agertzeagatik.

– Uralita taldeko Igor, Iñigo, Aitor, Julen eta Roman, arratsalde betean Amaiako Plaza rock-hotsez betetzeagatik.

– Iñigo, Ima, Iñaki, Aimar eta Jon, propio egun horretarako elkartzeagatik.

– Leta, Bittor, Pello, Azis eta Arantza, sukalde-lanak egiteagatik.

– Maddi, Maider, Usue eta Maria, serigrafia-tailerra antolatzeagatik.

– Ixabel, Lore, Axier, Argi, Mendi, Leire, Aratz, Bakarne eta Josefa, puntu- eta gantxilo-lanetan endredatzeagatik.

– Koldo, Julen, Pablo eta Ander, murala margotzeagatik.

– Julen, irudiak hartzeaz kezkatzeagatik.

– Eneko, Aitor, Manez, Maddi eta beste hainbat, era guztietako antolaketa-lanak egiteagatik.

– Beasaingo gaztetxegoak, sorgailua uzteagatik.

– Maren, Alex, Ara, Maite, Xuban, Manu, Beñat, Elene, Mikel, Rakel, Izarbe, Aitor, Miren, Urtzi eta beste hainbat eta hainbat, panel koloretsu zoragarri hura margotzeagatik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide