Berdintasun Foroak salatu duenez, Emakumeen nazioarteko egunaren harira Zumaiako talde feministetako kideek mural bat egiteko asmoa zuten, baina Udal gobernuak baimena ukatu zien. Orain, debekua zuritu nahian, Udalak berak murala egiteko asmoa du. Alkateak nahi duen lekuan, mezua eta itxurarekin, noski, eta ez herritarrek aukeratutakoa. Eta horretarako muralgile bat kontratatzen saiatzen ari da Zumaiatik kanpo.
Egoera oraindik ere “surrealistagoa” da, aste honetan bertan Erribera kalean zumaiarrek auzolanean egindako mural bat zentsuratu baitu Udalak. Baina hara non, alkateak ez du arazorik diru publikoz ordaindutako mural bat enkargatzeko. Hau da, alkatearen gustuko diseinu eta mezua izanez gero, murala ez da “zikina” izango. Alkatea jaunak baimenik ez badu ematen… zentsura!
Alkateak bere jarrerarekin ezin argiago utzi digu kartelak, pankartak eta muralen debekuen atzean dagoen arrazoia: kontrola. Alkatearen baimena ez duen oro zikina eta zentsuragarria da. Zeinen egoera tristea, horrela ibili beharra ere! Mahai baten bueltan eseri eta gaiaz hitz egin beharrean.
Alkatea, ez itsutu. Atera zuen gotorlekutik. Zurekin ados ez daudenekin hitz egiteak ez du minik egiten. Zumaian bertan artista asko topatuko dituzue kaleak alaitzeko. Baina horretarako egin behar den gauza bakarra da guztiona den kaleari debekurik ez ezartzea. Udalak ere muralak egin nahi izateak pozten gaitu, baina kalea zurea bakarrik ez denez, utzi zentsura eta politika autoritarioak eta hitz egin jendearekin.
Informazio gehiago: http://www.facebook.com/kaleaguztionada