Zumaia Klandestino: 13.000 ikustaldi bi egunetan

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2016ko abu. 29a, 17:22

Ostiral gauean zabaldu genuen abestia eta igande gauerako bideoak Facebooken 11.000 eta Youtuben ia 2.000 ikustaldi zituen. Udal gobernuaren neurrien zentzugabekeriak herrian polemika handia pizteaz gain, gaiak Zumaiaren mugak gainditu dituela argi geratu da.

Aurrena eskerrak ematea besterik ez dugu ostiralean Erriberako horma famatura hurbildu zineten ehunka lagunei, eta bereziki euripean ere bideokliparen emanaldira arte izan zineten horiei. Milesker parrilla utzi ziguten lagunei, ogiak oparitu zizkigunari, solomoak musu-truk eman zizkigun taldeari, argindarra hartzen utzi zigun tabernari, Hernanitik etorritako Morau artistari, baita azken unean gitarra hartu zuen Joneri. Eta azkenik, bideokliparen zabalpenean laguntzen ari zareten guztiei, zumaiar andanaz gain, herritik kanpora ere zentsuraren aurkako aldarria bere egin duten lagunei: Gasteiz, Aretxabaleta, Eibar, Lekeitio, Lezo, Iruñea, Trapagaran, Azpeitia, Arrasate, Bilbo, Zarautz, Baiona, Getaria, Orereta, Donostia, Pasaia… bideoaren hedapen zabala ikusita, zaila egiten zaigu honezkero “Zumaian Klandestino” zein herritan izan duen oihartzunik jakitea. Beraz, doakiela muxu klandestino bana horretan laguntzen ari zareten guztiei!

Udal gobernuak prentsa-oharretan “elkarbizitza” eta “parte-hartzea” bezalako esaldiak mantra moduan errepikatzen baditu ere, egunerokotasunean, gehiengoaren harridurarako, jarraitzen du inorekin hitz egin nahi gabe. Erabakiak eta debekuak ezarri dituzte, Udala pertsona gutxi batzuen enpresa balitz bezala.

Kontua ez da zeinena den arrazoia eta konponbiderik onena, baizik eta guztioi dagokigun gaietan ezin dela alde bakartasunez jokatu, gai hauetan erabakia bezain garrantzitsua da erabakia hartzeko prozesua bera.

Herriko 33 sindikatu eta talderen babesa duen Kalea Guztiona Da ekimenak udalaren partez jaso duen erantzun bakarra izan da hurrengo goizeko pintura marroia. Guk aurreko ostiralean margotutakoa larunbat goizean ezabatu zuen beste behin ere Udalak; pareta berberean alkateak zentsuratu duen hamabigarren murala izan zen.

Hori al da “herritar ororen interesen defentsan jardutea“? Nola nahi dute "gizartearen elkarbizitzaren alde lan egin" herritarrei hitza eta erabakia ukatuta?

Alkate jauna, alboratu politika egiteko molde zaharkituak eta erabaki dezagun denon artean guztioi dagokiguna.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide