Atzo Udalak oharra kaleratu zuen Ekainaren 10ean egingo dugun jaiaren harira. Testuaren idazkeragatik antzematen da Udalari ez diola graziarik egiten beren debekuen salaketa kalera ateratzea, eta are gutxiago alkatearen kontrol nahi itsutik ihes egiten badu. Baina goazen harira, gauza batzuk argitu behar dira.
- Data kontsultatuta
Kalea Guztiona Dako kideok orain lau aste ekin genion festa antolatzeari. Eta aurrena, noski, zein egunetan egin adostu genuen. Udalak gezurra dio ez dugula kontsultarik egin esatean. Hala egin dugu kalean zerbait egin dugun aldiro, baita oraingoan ere. Gu herritarrek osatutako ekimena gara, eta ez luke zentzurik herritarren ekimenak oztopatzea. Gure jardunean kontraesana litzateke.
Hasiera batean gure asmoa maiatzaren 20an egitea zen, baina dantza taldekoek erabiliko zutela jakitean ekainaren 3ra pasa genuen. Baina 3an herri eskolako festa izango dela jakitean, 10era mugitu genuen. Areago, orain pare bat aste Gure Esku Dagok 10ean ekimen bat antolatuko zuela jakin genuen, berriz data aldatzea aztertu genuen. 17ra pasatzea zen gure asmoa, baina artean, guztiz ziurra ez bazen ere, Udalak Bizikleta Eguna antolatuko zuela aurreikusten zen. Hala, 10ean uztea erabaki genuen, egun libre bakarra zelakoan.
- Ekimen uztargarriak
Atzo enteratu ginen Pilota Taldeko lagunen ekimenaz. Ez genuen horren berri. Egin dugun aurreneko gauza beraiekin hitz egitea izan da eta ekimen biak uztargarriak direla ondorioztatu dugu. Bi ekimenen egitarauan zerk edo zerk eragozpenik sor balezake, atzeratu edo aurreratu, eta kitto. Akabo polemika antzuak. Gauzak konpontzeko borondatez eta era natural batez hartuta planteatzen direnean, arazoak baino konponbideak bilatzen direla frogatzen du honek. Badu zer ikasia debeku eta isunekin obsesionatuta dagoen alkate jaunak.
- Kalean egingo dugu bertso saioa zineman egitea debekatu zigutelako
Ekainaren 10eko egitaraua osatu genuen Udalak Aita Mari zineman bertso saio bat egitea debekatu zigulako. Urtarrilean jakinarazi genien gure asmoa, eta haien erantzuna ondoko hau izan zen: santelmoetan bertso saio bat egiten denez (gurea santelmoak pasa eta bi hilabetera edo zen), bertso gehiegi izango zela denbora laburrean. Bai, kultura zinegotzia bertso aditua bilakatzeaz gain, bera da herri honetan entzun daitezkeen bertsoen kantitate egokia zein den dakien pertsona bakarra. Guk, erantzunarekin harrituta, bertso taldekoekin hitz egin genuen, eta jakina, beraien erantzuna izanik “bertso saioak egitea beti da onuragarria”, berriz eskaera luzatu genion. Erantzuna, honezkero ohiko bilakatu dena udal honen partetik: isiltasuna. Argudiorik ez dagoenean, ostrukarena egin eta segi aurrera! Zentsura zuria, deitzen zaio horri.
Horregatik bukatu dugu bertso saioa gure kabuz kalean antolatzen. Horregatik kontsultatu dugu data eta ez diogu baimenik eskatu alkateari. Beren ildo politikoaren kontra doan orok erantzun bakarra jasotzen duelako udalaren partetik: debekua edo isiltasuna.
Udalean agintean dagoen alderdiaren interes korporatiboen mesedetan polemika antzuak sortu beharrean, hobe lukete ordezkari publikoen lana egitea: guztion eskubideak bermatu eta herritarron kezkak eta nahiak bideratzea konponbideak lortzeko. Errespetua eta elkarbizitza ez dira prentsari esateko hitz politak, eguneroko jardunean erakutsi beharreko jarrera baizik.
Ekainaren 10ean elkar ikusiko dugu, guztiona den kalean egun polit bat gozatzeko.
Kalea Guztiona Da