Hau bezalako hamaika adibide daude Zumaian. Udal gobernuak behin eta berriz dio, herria "txukun eta garbi nahi duela", baina praktikan haien kezka eta lan bakarra izan da alkatearen gustukoak ez diren herritarren kartelak, pankartak, pegatinak eta muralak sistematikoki zentsuratzea. Adierazpen askatasunaren mugen inguruko eztabaida pil-pilean dago (musikan, umorean, liburuetan, artean, kalean...), bada Zumaian ez dago dudarik: adierazpen askatasunaren baldintza bakarra da pertsona bati gustatzea ala ez. Alkateari, hain zuzen ere.
Inoiz ez da berandu eseri eta denon artean gaia lasai eta patxadaz hitz egiteko. Jaio ginenean duela bi urte esan genuena berresten dugu gaur ere bai: kalea guztiona da, beraz guztion artean adostu dezagun.