Niri dagokidanez, bizimodu berria ahal dudan modu eramangarrienean antolatzen saiatu naiz: etxeko lanak (arropa kontuak eta sukaldaritza), kirol saiakerak (eskerrak Patry Jordan eta Youtuberi) eta aisialdia familian (ziur nago ping-pong txapeldun handiren bat irtengo dela pandemia honetatik). Eta zer esan dezaket kulturari loturiko jardueraz? Ba, beti izan den bezala, musika eta zinema lagun handiak izaten ari dira garai arraro honetan, eta beraientzat gutxitan dagoen denbora daukat.
Bazter batean hautsez estaltzen ari ziren binilo zaharrak eta ilaratan pilaturik zeuden CDak bere lekutik irten eta berriro jaio dira, bide batez nire etxeko hormen pintaketa lanak erraztuz. Gaueko orduetan telebistaren pantailak film edo serie ederrak erakutsiz betetzen ditu nire begiak. Pentsatzeko denbora edukitzeak ere barne hausnarketara eraman naute, nire bizitzaren ibilbideari errepaso bat eginez, nire Rosebud pertsonala (Citizen Kane) baina bizirik nagoela. Umetako oroitzapenek dantzari garaietara eraman naute Beti-Gazte taldean. Gazte garaikoek, berriz, zinemari maitasunak bultzatuta Ostarrena taldeko zine forum garaietara, kartelak jarriz tabernaz taberna Kattanekin. Eta bideari jarraituz, rock taldeen kontzertuetara egin dut hegan, baita Aita Marin, Donostian edo Bilbo aldean gozatu ditudan antzerki, ballet, orkesta eta abarren emanaldietara ere.
Kulturari loturiko bizipen horiek bizitzaren martxa normala (lana eta betebeharrak) engrasatzeko eta aberasteko balio izan didate, nire zoriontasunaren bilaketa bidean zeinen garrantzitsuak izan diren ohartzen naizelarik, beste bi zutaberekin batera noski: kirol jarduera eta adiskide onen ureztatzea eta zaintza. Horiek gabe ezin dut imajinatu orain arteko ibilbidea, eta horren seinale dira aipatu ditudan bildumak, sari gisa gordeta dauzkadan sarrera zaharrak eta, garrantzitsuena, bizitako oroitzapen eder horiek. Egoera tamalgarri honen ondorio ekonomikoek ez ditzatela aurretik eraman murrizketen bidez kultur munduaren jarduerak.