Azukre kotoi arrosa

Erabiltzailearen aurpegia Karlos del Pilar 2026ko otsailaren 1a

Argazkia: Picryl.

Abenduko Zumaia Guka aldizkarirako Karlos del Pilarrek idatzitako iritzia da honakoa.

Batzuetan, Homer Simpson bezalakoa izan nahiko nuke, sinplea. Haren burmuinak donut batean pentsatze hutsarekin nahikoa lan badauka. Nire burua konplexuagoa da, beti dago lanean; eguna pentsatzen pasatzen du bete beharretan, amets berriak irudikatzen, sorkuntza etorria azaleratzen, ez dago tregoarik, eta nekagarria da horrelakoa izatea. Zaila egiten zait nahi nukeen denera iristea, baina eguna zukutzen duten horietakoa naiz: aspertzen ez dut ikasi, beti dago ezagutzea merezi duen zerbait interesgarria.

Azkenaldian kosmologian murgildu naiz; asko pizten du nire arreta unibertsoaren jatorria eta bilakaera aztertzen dituen zientziak. Galaxia bat, izarrak, gas lainoak, planetak, hauts kosmikoa, materia iluna eta energia grabitatez batzen dituen estruktura da. Unibertsoaren adina 13.800 milioi urtekoa dela diote, eta haren baitan bi bilioi galaxia omen daude; bi mila milioi, ondo irakurri duzu. Gu espiral itxura daukan Esne Bidea izeneko galaxian kokatzen gara, eta Orion izena duen besoan dago ezaguna zaigun gure eguzki sistema osoa, bere zortzi planetekin, erdigunetik 28.000 argi urteko distantziara. Datu horiek irakurtzean buruak eztanda egiten dit; neurriak hain erraldoiak dira, kostatu egiten da hori dena irudikatzea. Argi geratzen da Lurraren tamaina zein txikia den, eta kanpoko espaziotik urdin eta berde koloreko bolatxo honetarantz hurbiltze zoom bat eginez, Europa, Euskal Herria, Gipuzkoa eta, azkenik, Zumaia ia ikusezinak direla.

Udan, zeru garbiko gau bat Pirinioetan bizitzeko aukera daukazunean, han goian, argietatik urrun, izarrez betetako zerua gainera datorkizula dirudi; unibertsoaren haunditasunaren pisua senti daiteke eta erantzun gabeko galderak sortzen dira. Mugagabetasun horren barnean gu bakarrik al gaude? Egongo diren milioika planetaren artean gurean bakarrik al dago bizitza? Non dago fedearentzat tokia? Inork ez dauzka galdera horien erantzunik; ez adimen artifizialak, ezta Donostiako super ordenagailu kuantikoak ere. Betikotasunaren barnean gu biziko garen tartea instant bat besterik ez da, milioika urteren ondoan deus ez, baina hor kokatzen da gure errealitatea, espazio gehi denbora dimentsioetan. 

Honen guztiaren aurrean, sarritan mundu honetara zertara etorri garen eta bizitza deitzen dugun bidaiak zentzurik ba ote duen galdetzen dut. Gizadiak Martera bidaiatu nahi du, baina, munduan denentzako janaria egon arren, jendea gosez hiltzen da; gure gizarteak estres eta antsietate izurritea dauka eta sendatzeko pilula miragarrietan jartzen du esperantza. Gure eboluzioa espezie gisa ez doala bide onetik iruditzen zait. Bidaia honi zentzua eman behar zaio, eta horretarako oinarria gure bihotzean dago. Benetako iraultza gertatzea nahi badugu, adimen emozionala garatu behar da.

Hori lortzeko bidea norberak aurkitu behar du; nire kasuan, nire errotazio ardatza metalezkoa izatetik egurrezkoa izatera pasatu zenean lortu nuen. Gure orbita distantzia motzekoa da, baina bere eragina handia izan daiteke. Ez gorde esan gabeko hitzak, partekatu sentimenduak, asko dago irabazteko eta. Transzendentzia adreilu hau amaitu ondoren itzul naiteke azukre kotoi arrosazko gozokietan pentsatzera, Homerren eran.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide