Egia da, azken urteotan, urratsak egin direla emakumeon* aurkako indarkeria ikusarazi eta haren konplexutasuna identifikatzeko lanean. Esan beharra dago Mugimendu Feministaren mobilizazio eta erantzun kolektiboari esker izan dela, munduko milaka emakume batu baitira indarkeria horren aurka ahotsa goratu eta haren eragina jasaten duten emakumeekiko elkartasuna erakusteko.
Halere, oraindik bide luzea dugu berdintasunezko gizarte bat, indarkeria matxistarik gabea, lortu arte. COVID-19 pandemiaren ondorioz bizitzea egokitu zaigun osasun krisiak agerian utzi du oraindik ere bere horretan dirautela desberdintasunek.
Konfinamenduak herritarrak hilabete batzuez etxean isolatuta egotera behartu ditu, eta horrek emakume askoren zaurgarritasun egoera handitu du eta erasotzailerekin batera bizitzera behartu ditu.
Horri dagokionez, nabarmendu nahi dugu indarkeria matxistaren errotik ateratzeko gizarte osoa inplikatzeak duen garrantzia, eta azpimarratu konpromiso horrek osasun larrialditik haratago doan errealitatea izaten jarraitu behar duela.
Bestalde, garrantzitsua da indarkeria jasaten duten emakumeak* erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna duten subjektu gisa aurkeztea, aktiboak bizitzea egokitu zaizkien egoeren aurrean. Salatu eta nahikoa dela esateko ahalduntzen diren emakume gisa aurkezteko, eraldaketarako dituzten mekanismo eta gaitasunak abiatuta indarkeriarik gabeko bizitza baterantz jotzeko.
Hori guztia milaka emakumeren urtetako borroka eta aldarrikapenek emandako bultzadarekin indarkeria matxista errotik ateratzeko eta hura pairatzen duten emakumeei denon babesa agertzeko. Zumaian, gainera, azpimarratzekoa da Berdintasun Foroa bera, non herriko emakumeek* gidatu dituzten berdintasun politikak, eta indarkeria matxistaren aurkako lan izugarria egin den.
Horri dagokionez, beharrezkoa da berdintasunerantz aurrera egiten eta maskulinitate eta feminitate eredu tradizionalak deseraikitzen jarraitzea, eta maitasun erromantikoaren mitoa baztertzea, indarkeria matxistari aurre egiteko.
Halaber, administrazio publikoek, bereziki udalek, gauzatutako politiken eta ekintzen garrantzia sentsibilizazioaren arloan, indarkeriaren prebentzioan eta bizirik atera diren emakumeei* arreta osoa eman behar diete, betiere ahalduntzea esku-hartzearen jomuga hartuta.
Azken urteotan, baliabide eta zerbitzu asko garatu dira indarkeria matxistari eta horren ondorioei aurre egiteko. Hori horrela, nabarmenduko genuke Emakumeon* Etxearen papera honetan guztian, indarkeriaren prebentziorako, detekziorako, deribaziorako eta osatzeko gaitasun handiko ekipamendua baita.
Amaitzeko, gogorarazi behar dugu zein garrantzitsua den herritar guztion inplikazioa, indarkeria matxista deuseztatzeko. DENON ARDURA DELAKO hori amaitzea.