Festetan ere dena ez da jai

Pasatu berri ditugu Zarauzko San Pelaioak eta Zumaiako San Pedroak, eta gainean dugu uda sasoia ere. Egunerokotasunarekin apurtu eta festa egiteko unea da askorentzat: kontzertuak eta bestelako ekitaldiak, lagunarteko bazkari eta afariak, poteoa eta parranda.

Ez bakarrik jai patronaletan, tradizionalki izan den bezala; jatorrizko ospakizunen zentzua galduta, kostaldeko herrietan ere gero eta gehiago ari da luzatzen jai-ekitaldi masiboen sasoia. Eguneroko errutinatik ihes egin nahi izaten dugu halakoetan, ikasketekin edo lanarekin apurtu. Ohartu gabe askotan, sistema kapitalistan egunez egun erreproduzitzen ditugun harreman sozial berberak errepikatzen ditugula jai eredu honetan ere. Are gordinago eta are biolentzia handiagoz, era guztietako erasoak lekuko -ezin aipatu gabe utzi, adibidez, San Pelaiotako eraso homofoboa-.

Paradoxikoki, gizarte kapitalistaren dinamika are ageriago agertzen zaigu eguneroko eginbeharretatik deskonekatzeko momentu horretan. Izan ere, askatasun une gisa saltzen diguten arren, egunerokoa bezala, soldatapeko lanean eta lan-baldintza miserableetan oinarritzen baita jai eredu kapitalista hori ere. Besteak beste, gazteria langilearen nahiz debaluatutako bestelako subjektuen egoeran,  garbitzaileen eta ostalaritzako langileen esplotazioan.

Ostalaritzako esplotazioa salatzen ari gara azken asteetan, eta testuinguru honetan ere horixe nabarmendu nahi izan dugu: festetan dena ez dela jai, ostalaritzan ez garela familia bat, festetan ere nagusiak irabazten duela. Taberna eta jatetxeetan nabarmen handitzen da lan karga halakoetan, eta jabe askok urte osoan ez bezalako irabaziak eskuratzen dituzte, beti bezala, langileen bizkar. Kasurik onenean lan-orduagatik langileari zerbait gehiago ordaindu arren, festetan okerrera egiten du benetan langileen egoera ekonomiko eta sozialak: lan ordu gehiago, jardunaldi luzeagoak, lan erritmo handiagoak, atseden eta segurtasun gutxiago, behin-behinekotasuna, lan kontraturik gabe aritu beharra... Zerbait gehixeago ordaindu arren, are miseria handiagoa izaten jarraitzen du nagusien irabazien aldean. 

Esplotazioaren areagotze hori guztia, gainera, langile klasearen proletarizazio prozesuaren eta bizitzaren garestitze orokorraren erdian gertatzen da. Ez da festetako salbuespena, egunerokoaren isla gordinena baizik, eta eraso sistematiko gisa salatu beharrekoa. Datozen asteetan ere horretan jarraituko dugu, besteak beste, Zumaian eta Zarautzen egingo ditugun kontraturik gabeko lanaren inguruko tailerrekin.

Ostalaritzako esplotazioari aurre egin!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide