Laneko Autodefentsa Sarearen aurkezpen hitzaldia izango da ostegunean Hogarrean

Abenduak 15, ostegunean, Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sarearen (LAS) aurkezpen hitzaldia izango da. Besteak beste, LAS zer den, zein testuingurutan sortzen den eta hemendik aurrera zer jardun izango duen azalduko da. Aurkezpena Hogarrean egingo da, bigarren solairuan, 18:30ean hasita.

Azken urteetan, lan- eta bizi-baldintzen okertze orokortua ari gara bizitzen: eros-ahalmenaren beherakada, soldaten izoztea, azpikontratatutako lanen orokortzea, langabezia estrukturala… Adierazpen horiek guztiek erro komuna dute, krisi kapitalista, hain zuzen ere. Burgesiaren ofentsibaren ondorioak ere nabariak dira lan eremuan, eta langile-klasea geroz eta babesgabeago aurkitzen da.

Egoera honen aurrean erantzun beharra dago, eta langileon defentsa antolatu. Honela, Urola Kostako Kontseilu Sozialistatik lan eremuan autodefentsarako tresnak garatzen joateko apustua egiten dugu, hobekuntzak lortu eta langileon antolakuntza gaitasunak indartzeko. Hala ere, argi dago langileon aurkako eraso bakoitzari modu isolatuan aurre eginez ez ditugula arazo sozial hori eragiten duten kausak ezabatuko. Egunerokoan bizi ditugun gainontzeko problematiken antzera, ekoizpen eredu kapitalista gainditzen dugunean soilik desagertuko dira. Hori dela eta, Laneko Autodefentsa Sarearen sorrera norabide horretan kokatu behar dugu, hau da, sozialismoaren eraikuntza prozesuari lotuta. Izan ere, egungo gizarte ereduarekin errotik amaitzea ezinbesteko baldintza da ongizate unibertsala lortzeko.

Horregatik guztiagatik, Laneko Autodefentsa Sarean antolatzeko deia zabaltzen dugu, lan esparruan bizi ditugun eraso sistematikoei aurre egin, enpresarien inpunitatearekin amaitu eta Estatu Sozialistaren eraikuntza elikatzeko, azken hori baita guztiontzako kalitatezko lan baldintza berdinak lortzeko modu bakarra. Zentzu honetan, ostegunean Zumaian egingo dugun aurkezpen hitzaldira gonbidatzen zaituztegu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide