Liburuan, ezkerreko mugimendu iraultzaileen (ORT, LKI, EMK...) bilakaera ikertu du, Nafarroan izan zuten erreferentzialtasuna beste leku batzuetan zergatik eman ez zen aztertzearekin batera. 1960-70eko hamarkadetan langile mugimenduak bizi izan zuen gorakadaren zergatiak ulertzeko, hainbat militanteren testigantzak bildu ditu historialariak.
Duela gutxi Argia aldizkarian egin zioten elkarrizketan aipatzen zuen "oso pozik" litzatekeela "liburu hau ez balitz geratuko soilik akademiaren esparruan" eta "eztabaidak pizteko behintzat balioko balu". Ziur gaude ekarpen handia egin dezakeela liburuak eztabaida horien berpiztean, eta herritar oro gonbidatzen dugu asteazkeneko solasaldira bertaratu eta parte hartzera.