Asanblada irekia izango da ostiralean Etxapen, desokupazio enpresa baten presentziaren aurrean antolatzera deia egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Kontseilu Sozialista 2025eko irailaren 3a

Duela aste batzuk Zumaian izan zen desokupazio enpresa bat, herriko familia bat etxegabetu nahian, eta datozen asteetan itzultzearekin mehatxatu dute.

Desokupazio enpresen presentzia gora doa Euskal Herrian ere, eta azken hilabeteetan, esate baterako, Lazkaon, Donostian, Barakaldon, Bilbon edo Amurrion aritu dira, legez kanpoko etxegabetzeak gauzatu nahian.

Abuztu erdialdean Zumaian izan ziren MediaOkupas enpresako matoiak, gutxienez bi egunetan. Oraingoz familia modu estrajudizialean etxegabetzea lortu ez duten arren, iragarri dute datozen asteetan itzuliko direla, baita "Euskal Herrira zaborra desokupatzera etortzen jarraitzeko gogo handia" dutela adierazi ere.

Talde parapolizial hauek mehatxuan eta indarkerian oinarritutako metodoen bidez jarduten dute, eta langile-sektore pobreenen kriminalizazioa sustatzen dute, arazoaren fokoa ordaindu ezin duen horrengan jarriz eta ez pobrezia orokortua zein ezintasun ekonomikoa sortzen dituen eredu sozialean. Horrela, langile-klasearen eta honen batasunaren aurka aritzen dira, eta arrazismoa zein espainolismoa hedatzeko tresna gisa funtzionatzen dute.

Horregatik guztiagatik, ostiral honetan, irailak 5, Etxape Zentro Sozialistan asanblada irekia deitu du Etxebizitza Sindikatuak 18:30ean, desokupazio enpresa faxisten aurka antolatzeko beharra azpimarratzeko eta haien itzulera mehatxuaren aurrean prest egoteko.

Desokupazio enpresei aurre egin!
Faxismoa borrokatu!
Etxegabetze guztiak gelditu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide