Ekitaldi sorta prestatu dute Etxape Zentro Sozialistan uztailerako

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Kontseilu Sozialista 2026ko uztailaren 7a

Bizilagunentzat ate irekiak, zineforum saioak, bigarren eskuko liburuen bilketa eta boxeo entrenamendua egingo dituzte uztailean zehar.

Duela hilabete inguru dozenaka lagunek egin genuen agerraldian ohartarazi moduan, Etxape Zentro Sozialista arriskuan dago. Izan ere, promotore batek lokala erosi berri du, etxebizitzak eraiki eta epe laburrean bertatik etekin ekonomikoa ateratzeko esperantzarekin. Hori edozein preziotara egin nahi du, baita horretarako auzoan eta herrian jardun sozial aktiboa duen espazio bat desalojatu behar badu ere.

Azken asteetan desalojo mehatxua salatzen aritu gara, baita herritarren sinadurak biltzen ere, eta ehundaka izan dira babesa adierazi diguten zumaiarrak eta, era berean, birkalifikazioaren aurka agertu direnak. Uztailean bide beretik jarraituko dugu, eta ekitaldi sorta ere antolatu dugu:

  • Uztailak 10, ostirala, 10:00-12:30 artean, ate irekiak antolatu ditugu auzoko bizilagunei eta, orokorrean, edozein herritarri zuzenduta.

  • Uztailak 14 asteartean, 21:30ean, The Old Oak (2023) filmaren proiekzioa eta eztabaida egongo da. Jatorrizko bertsioan emango da, euskarazko azpitituluekin.

  • Uztailak 16 ostegunean, 10:00-12:30 artean, bigarren eskuko liburuen bilketa egingo dugu, Etxapeko liburutegia osatzeko. Beheko Plazako azokan izango da bilketa.

  • Uztailak 22, asteazkenean, 19:00etan, boxeo entrenamendua eskainiko du Erantzun Borroka Guneak.

  • Uztailak 28 asteartean, 21:30ean, No Other Land (2024) dokumentalaren proiekzioa eta eztabaida egongo da. Jatorrizko bertsioan emango da, euskarazko azpitituluekin.

Animatu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide